Gezur hezurretik

Iraila, animo!

Urteroko sakrifizioa, batzuentzat kondena, besteentzat irtenbidea, etxeko infernutik ateratzeko

09.02.2020 | 14:39
columnista Aitzol Elizaran

Konturatzerako udan gaude berriz ere. Mantra hori errepika-tzen dugu lankideon artean lanera bueltatzera behartuta garenean, mantra bera geure buruari. Aldapa gora egiten omen zaigu iraila, edo hori sinetsarazten digute, lanera buelta egin baino astebete lehenago hasten baikara mamua suspertzen, eta inguruak ere ez du laguntzen. Urteroko sakrifizioa, batzuentzat kondena, besteentzat irtenbidea, etxeko infernutik ateratzeko.

Gehienentzat 11 hilabeteko ibilbidea desertuan zehar, berriz iratzargailurik ez jartzeko. Tartean izango dira Iraileko apalaldia, Kontxa, kiroldegira buelta, zubiren bat, Santu guztien eguna, San Saturnino edo beste edozein herritako zaindari, Gabonak, urtarrileko aldapa, inauteri, aste santu, zubitxoren bat zorterik baldin baduzue, berriro ere eguraldi ona hasiko da, herriko festak... eta berrabiarazi sistema nahi adina aldiz. Aldatu elementu horiek gertuago sentitzen dituzunengatik, baina iraila ziklo baten hasiera da. Urtea urtarrilean hasten omen da, ilbeltza, ezer onik ez du iradokitzen izen horrek, eta badu bere aldapa ere, baina gutako askorentzat urtea ez, baina urtebeteko zikloa irailean hasten da.

Hitchcock-ek izena jarri beharko balio egoera honi, ziur aski Bertigo jarriko lioke, filmari bezala. Sartreri galdetuz gero, ordea, agian goragalea, baina onartu behar Irailak zerbait  ekartzen digula gehienoi, ona edo txarra. Miarritzen lasaitasuna ekarriko zuen, errepideei eta bertan lan egiten dutenei normaltasuna, Espainiako gobernua osatu behar dutenei kakalarria eta Boris Johnson-i zaplazteko galanta.

Ligak hasiko dira, ikastolara buelta, hizkuntza akademian we are back eta udan egiteko utzi genuen zera horrek, bere horretan jarraituko du ziurrenik, ez zenuten pentsatuko, bada, eguzki izpi batzuek gure izaera aldatuko zutenik, ezta? Zikloa berria izango da, baina garbigailua berdina. Bultzada pixka bat hartuko genuen behintzat, eta horrek pare bat egunerako soka emango digu, gutxienez. Hortik aurrera pilotu automatikoa jartzea nahikoa izanen da ziur aski. Eguneroko errutina. Gosaldu, bazkaldu, afaldu. Lanera joan, lanetik etorri.

Lagun batek zioen iraila gorroto zuela, ziur aski ikastolara bueltatzen ginelako edo, baina pentsatzen jarrita etortzen zaizkit arrazoi hobeak beste hilabeteren bat gorrotatzeko, adibidez arratsaldeko bostetan ilun dagoen hilabetea, edo euriak etxetik ateratzeko gogoa kentzen dituen horietako bat. Irailak, ezer arrarorik gertatu ezean behintzat,  eskaintzen ahal dizkigu eguraldi onak, arratsalde luze xamarrak eta asteburuak betetzeko nahi adina plan. Ez kezkatu beraz, altxa burua, bada oraindik zer gozatu, ez utzi munstroari zuek irensten.