Marcelino Garcia Toralek eta Aitor Elizegik Valentziaren aurkako partidua atzeratzeko eskatu arren, Espainiako futbol federazinoak eta Futbol Profesionalaren Ligak ez deutse jaramonik egin eta zuri-gorriek arnasa hartzeko asti barik ekingo deutsoe Mestallako norgehiagokari. Bartzelona eta Athleticen arteko partidurako Marcelinok aukeratutako hamaikakoaren barri izan genduanean argi ikusi genduan talde zuri-gorriak ez ebala aukera handirik izango punturen bat lortzeko Nou Campen. Taldeak polito eutsi eutson Bartzelonari korner baten etxeko taldearen lehen gola heldu zan arte. Zuri-gorriak ez ziran bape fin ibili jokaldi horretan. Bigarren zatian Marcelinok titular batzuk zelairatu ebazan aurrerantz begiratzen hasteko asmoagaz, lehen zati osoan baloiaren atzetik korrika ibili ostean. Baina zuri-gorriak Ter Stegenen atera hurreratzen hasi ziranean heldu zan partidua apurtuta itxi eban gola. Nire uste apalean, Unai Simonek huts egin eban Dembelek sartutako golaren jokaldian, frantziarraren jaurtiketea atezainaren zutoinetik sartu zan-eta. Hortik aurrera gertatutakoak ez dauka garrantzirik.

Bartzelonakoa alde batera itxi eta Marcelinoren Athleticen bersinorik onena ikusi behar dogu bihar Mestallan. Esan beharrik be ez dago, oso partidu gogorra izango dala biharkoa. Athleticek garaipena behar dau kopako finalerako sailkatzeko. Baina Valentziak be bai. Beraz, ikusteko dago zelako partidua planteatzen dauen Bordalasek. Izan be, San Mamesen erakutsi eban jokoagaz nekez lortuko dau garaipena Valentziak. Edozelan be, badakigu etxeko taldeak ez deutsola jokatzen itxiko aurkariari eta ahalegin horretan edozein arma erabiliko dau, araudiaren mugaraino hurreratuta. Alde horretan, epailearen lana oso garrantzitsua edo erabakigarria izan daiteke, bere eskuetan dauka-eta Valentziaren joko zikina mugatzea.

Mestallakoa infernu baten antzekoa izango da Marcelinoren taldearentzat. Athleticeko entrenatzaileak inork baino hobeto daki zer aurkituko dauen bihar Valentzian eta ezin dogu ezelango atxakiari onartu. Kopa txapelketako hirugarren finala kateatzea partidu bakar batera dago. Erronka erakargarria bezain gatxa da. Marcelinok plantila osoa dauka jokatzeko moduan eta seguru nago Athletic onena ikusiko dogula bihar. Sevilla dogun zain.