Alavesen aurkako euskal derbia San Mamesen aspaldian ikusi dogun partidurik onena izan zan. Hasteko, giro bikaina egon zan Katedraleko harmailetan, bertara hurreratu ziran zaleak gogotsu azaldu ziralako euren bihotzeko taldea animau gurean. Ganera, zuri-gorrien aurkariak erakutsi eban zergaitik dagoan sailkapeneko behealdean eta Unai Simonen ez eban ia lanik izan partidu osoan. Kontuak kontu, Athleticek garaipen erosoa eskuratu eban, sekulako lehia jokatu barik aurkaria baino gehiago izan zalako. Nagusitasun horrek, baina, ez eban isladarik izan markagailuan eta guztion burutik igaro ziran azken minutuetan Rayo Vallecano eta Valentziaren aurkako partiduetan jasotako golak. Marcelinok, ostera, ez eban garaipena arriskuan ikusi eta positibotasunaren aldeko apostua egin behar dala eskatu eban, gauza negatiboetan murgildu beharrean.

Taldeak hobetu behar dituen gauzak nabarmentzea ez da botila erdi hutsik ikustea, autokritika egitea baino. Taldeak gauza asko egiten ditu ondo, defentsa lanetan batez be, baina beste urrats bat emon gura badau, erasoko jokoan dituen hutsuneak landu behar ditu. Dani Garcia eta Vencedorren zeregina aurkariari eustea baino zeozer gehiago izan behar da, futbola ondo defenditzea baino askoz gehiago da-eta. San Mames gotorleku bilakatu gura dau Marcelinok, denboraldi on bat egiteko ezinbestekoa dalako etxeko puntu gehienak irabaztea. Horretarako, baina, partiduak irabazteko, golak sartu behar dira eta horretarako hobetu egin behar da erasoko jokoa. Ez daukat zalantzarik Oihan Sanceten itzulerak indartu egingo dauela zuri-gorrien ahala erasoan.

Hiru aste egingo ditu Athleticek ligan partidurik jokatu barik eta geldialdi horrek ez deutso mesederik egingo. Marcelino eta bere laguntzaileek asmatu egin behar dabe hiru asteko etena kudeatzeko orduan. Hori bai, sinestuezina egiten jat Athleticek Real Madriden aurkako partidua bertan behera ixtea onartu beharra. Futbol Profesionalaren Ligak errespetua galdu deutso gure klubari.