Athleticek hamaika denboraldi daroaz Atletico de Madriden zelaian irabazi barik. 2010-11 denboraldian lortu eban azken garaipena Gaizka Toquerok sartutako gol biri esker, Joaquin Caparros entrenatzaile zala. Kontua da, irabazi bako tarte luze horretan, lehoiek behin bakarrik lortu ebela galtzaile ez izatea, 2014-15 denboraldian hain zuzen, Ernesto Valverde entrenatzaile zala. Aurretiko honeek ezin dira ahaztu azken jardunaldiko partiduaren balorazioa egiteko orduan.

Egia da, Athleticek gauza gitxi egin ebala erasoan. Egia da baita be, zuri-gorriek aukera garbi bi euki ebezela aurkariaren atea zulatzeko eta Williams eta Villalibre ez zirala bape fin ibili Oblaken aurrean. Bateren batek esan leike Marcelinoren taldeak aukera bikaina galdu ebala urte askotako siketeari amaierea emoteko Atletico de Madriden zelaian irabazita. Eta ez jako arrazoirik falta hori pentsetan dauenari. Edozelan be, nik neuk ez neuskio ezelako meriturik kenduko Athleticek lortutako puntuari eta egindako partiduari.

Aspaldiko urteetan ez dot hain sendo ikusi Athletic. Eta denboraldia hasi baino lehen nork esango euskun atzealdea Lekuek, Vivianek, Iñigo Martinezek eta Balenziagak osatutakoa izango zanik. Ba laukote hau oso ondo konpontzen da eta taldeko ganerako kideen lanak lagunduta -Dani Garciarenak eta Vencedorrenak batez be- gotorleku bihurtu dabe Unai Simonen atea. Norberaren atea ondo defenditzeak ez dau, berez, garaipenik emoten, horretarako golak sartu behar dira-eta. Baina golik jasoten ez dauen taldeak garaipena hurrago dauka porrota baino. Barriro nabarmendu gura dot Dani Vivianen lan bikaina. Txapela kentzeko modukoa. "Fitxaketa" bikaina.

Atzealdeko sendotasunari eutsi eta erasoko jokoa hobetzea izan behar da zuri-gorrien helburua. Williamsek eta Villalibrek Wanda metropolitanon alperrik galdu ebezan aukerak, ezin dira galdu horrelako partidu baten eta horrelako zelai baten. Athleticek gol bakarra jaso dau bost jardunalditan -hiru partidu etxetik kanpo jokatuta ganera- baina lau gol baino ez dauz sartu. Esan beharrik ez dago arlo hori ondo landu behar dauela Marcelinok.

Rayo Vallecanoren aurka jokatuko dabe zuri-gorriek gaur Katedralean zale askoren aurrean. Iraolarenak talde ona dala erakutsi dau orain arte jokatutako partiduetan. Garbi daukat usurbildarra Athleticeko entrenatzaile izango dala.

Athleticek eta Urdaibaik zale sutsu bat galdu dabe. Ez zaitut sekula ahaztuko neure aitxe legoie!