Hamazazpi partidu jokatuko dauz ligan Athleticek Marcelino Garcia Toralen aginduetara eta hiru baino ez dauz galdu, bederatzi bardindu eta bost irabazi. Estatistika honek garbi erakusten dau zuri-gorriak ondo lehia-tzen dirala eta aurkari gogorra dirala edozein talderentzat. Ganera, beti nabarmentzen dot galdutako hiru partiduak Bartzelona eta Atletico de Madriden aurka jokatutakoak izan zirala eta hirurak gol batek aldeagaz. Gure barik, ihes egiten itxi doguzan puntu piloa jatorku gogora: Eibar, Reala, Alaves, Betis, Valladolid eta abar. Galdutako puntu horreen zati bategaz Athletic Europarako postuetan egongo zan baina futbolean aurkaria baino gehiago izateak ez dau saririk jasoten harek baino gol gehiago sartzen ez badira.

Muniain, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche, Raul Garcia, Dani Garcia eta Capa barik irabazi deutso Athleticek Sevillari Ramon Sanchez Pizjuanen. Astelehenekoagaz, bi bider bakarrik irabazi dabe zuri-gorriek Nervionen azken hogei denboraldietan. 2011an nagusitu zan Bielsaren taldea orduan Marcelinok zuzentzen eban Sevillaren aurka. Unai Vencedor, Morcillo, Sancet edota Villalibre zelaian zirala etorri da azken garaipen hau. Kopako final biak galdu eta Ligan aukera barik geratu arte itxaron dau entrenatzaileak gazteei aukerak emoteko. Eta gazteek bikain erantzun dabe. Oihan Sancetek eztanda egin eta bere dohai bikainen barri emoten hasi da azken partiduetan. Hasi besterik ez da egin, mutil honek poztasun handiak emongo deutsoz-eta talde zuri-gorriari. Villalibrek min egin eutson Sevillaren atzealdeari eta gola sartzeko zorian egon zan. Urratsak emoten segiduten dau Gernikako aurrelariak. Jon Morcillok bizitasun handia emoten deutso ezker hegalari eta arriskua sortzen dau beti aurkariaren ate inguruan, anbizino handia erakutsita. Unai Vencedorrek aspaldiko partidurik serioena egin eban Sanchez Pizjuanen, defentsa lanetan batez be. Kontuak kontu, eta Bilbao Athleticetik epe laburrera helduko diran jokalari gazteak ahaztu barik, Athletic zaleok itxaropentsu egon gaitekez etorkizunerako. Lau jardunaldi baino ez dira geratzen Liga txapelketa amai-tzeko eta ia Athleticek denboraldi osoan izan ez dauen erregulartasuna erakutsi eta ahalik eta goren amaitzen dauen sailkapenean.

Ezin dot gaurko zutabea amaitu Josu Telleria gogoratu barik. Aste honetan hil da urte askotan Athleticeko familiaren zati bat izan dan taxi gidari bermeotarra. Bermeo, Gernika, Mungia eta inguruetako gazte asko igaro dira Josuren autotik Lezamarako bidean eta gero bueltan etxera. Egunero kilometro asko harrobiko neska-mutilekaz. Bermeotar bete betea, bigarren aita izan da hainbat gazterentzat. Goian bego.