TXAROTEN jarrraitu behar dogu. Hogeta hamazazpi urteko siketeak ez dau amiaierarik izan Athleticek huts egin dauelako Espainiako Kopa txapelketea irabazteko aukera barri baten. Marcelinoren taldeak ez eban ezer egin finala irabazteko. Realak be ez eban gauza handirik egin titulua eskuratzeko baina zuri-urdinek ez eben hutsik egin eta Athleticek bai. Urte beteko amets amaigabea, ezerezean geratu zan Estrada Fernandez epaileak penalti adierazi ebanean. Imanolen taldea aurreratu egin zan markagailuan eta zuri-gorriek ez eben gaitasunik erakutsi markagailua iraultzeko. Williams, Muniain, Raul Garcia eta enparauek ez eben jaurti be egin Alex Remiroren atera eta, jakina, holan ez dago kopako final bat irabazterik. Ia aukera bako norgehiagoka baten, Realak ederto baliatu eban berea, Athleticeko jokalariek egindako hutsari etekin bikaina atarata. Beste final bat jokatuko dabe zuri-gorriek hamabost egun barru, baina asko aldatu behar dira gauzak Marcelinoren taldean titulua eskuratzeko aukeraren bat izateko. Ia lehen finala galdu izanak, zer egin behar ez dan ikasteko balio deuskun.

Faborito argi bako finala zan Athletic eta Realaren artekoa. Marcelinoren taldea Superkopea irabaztetik etorren Real Madrid eta Bartzelona mendean hartuta eta esperientzia arrakastatsu horrek, ustez, alde apur bat emoten eutson Bilboko taldeari. Finala jokatu eta galdu ostean, ostera, Marcelino Garcia Toralek esan eban erantzunkizunaren zamea astunegia izan zala zuri-gorrien-tzat eta horregaitik ez ebela euren mailea emon. Ez dot uste argudio hori onargarria danik taldearen partidu negargarria justifikatzeko. Vencedor eta Unai Simon kenduta, hasierako hamaikakoan egon ziran ganerako guztiak esperientzia handiko jokalariak dira eta ohituta dagoz presinopean jokatzera. Beraz, argudio horrek ez deust balio.

Sevillako finalaren aurretik Athleticek jokatu ebazan hiru finaletan -Mestalla, Vicente Calderon eta Nou Campen- zuri-gorriek ez eben lehaitzeko aukerarik izan, aurkariak, Bartzelonak, ez eutselako aukera txikiena be emon, ganetik pasau jaken-eta. Gauza bera gertatu zan Bucaresten, Atletico de Madriden aurkako Europa Leagueko finalean. La Cartujako finala beste kontu bat izango zala usten genduan, are gehiago Marcelinoren taldeak Superkopan emon eban maila bikaina ikusita. Errealidadeak kontrakoa esan deusku. Reala ez zan Athleticen ganetik pasa finalean, ezta gitxiagorik be, baina zuri-gorriek ez eben piperrik be jokatu.

Zelai erdiko jokalariek ez eben jokorik sortu, Dani Garcia eta Vencedor desagertuta egon ziran-eta. Gauza bera esan daiteke Berenguerren ganean. Ikusi be ez genduan egin. Iker Muniain, ahalegindu, ahalegindu zan baina Realeko jokalariek ito egin eben. Kapitainak baloia lepoz jasoten eban bakoitzean, aurkarien ez eutsoen izten bueltea emoten. Raul Garciak borrokatu besterik ez eban egin. Iñaki Williamsek hori bez. Talde baten erasoko jokoaren erreferentzia nagusiak ezin deutso hain gitxi emon. Eta Williamsena ez da finaleko kontua bakarrik. Yuri Berchichek, finalerako bide arrakastatsuan erabakigarri izan zan jokalariak, ez eban arriskurik sortu bere hegaletik. Nahikoa euki eban Portu lotzeko lanagaz. Kontuak kontu, Athleticen gurditik tiretu behar daben jokalari garrantzi-tsuenek huts egin eben Kopako finalean.

Kolpe gogorra jaso dau Marcelinoren taldeak kopako finala galduta. Athletic edozein aurkari menderatzeko gauza zala uste genduan Superkopea irabazi ostean. Gaur egun, ostera, zalan-tzak sortzen hasi jakuz. Ez daigun itxaropena galdu. Beste final bat daukagu laster. Hori bai, barriro dinot gauzak asko aldatu beharko direla Athleticen Bartzelonaren aurkako finala irabazteko aukeraren bat izateko.