Futbolean ia partidu guztiak dira hil ala bizikoak, liga hasieratik ganera. Gauza bategaitik edo besteagaitik, hurrengo norgehiagoka erabakigarria izaten da beti. Athleticek azterketa garrantzitsua gainditu eban Betisen aurka, ondo jokatuta ganera. Orduan esan genduan Pellegriniren taldearen aurkako partidua inflexino puntua izan daitekeela sailkapeneko goialderako bidean. Celtaren aurkako norgehiagokak be garrantzi handia eukan, zuri-gorrien errekuperazinoa bermatu eta sailkapenean Europako postuetara hurreratzeko. Gaizka Garitanok ez eban hamaikakoa ikutu gura izan eta Betisen eta Getaferen aurka zelairatu eban taldea atara eban Celtari aurre egiteko. Erabagi normala. Kontua da, Betisen aurka eta Getaferen aurkako partiduaren lehen zatian ondo funtzionau eban taldeak ezin izan eutsola eutsi errendimendu onari. Celtaren aurka -erasoan batez be- erakutsitako ezinak denboraldi honetako beste partidu batzuk ekarri euskuzan gogora. Aurkariaren ate aurrean erakutsitako ezinari, atzealdean egindako huts onartuezinak gehitu behar deutsaguz. Bigarren golean Unai Simonek huts nabarmena egiten badau, lehenengoan Berenguer eta Balenziaga Hugo Mallori begira geratzen dira Celtako atzelariak baloia sareetara bialtzen dauenean bakar bakarri area txikian.

Ez da giro Athleticen eta ekaitza bortiztu egin daiteke hurrengo egunetan. Valentzia, Real Madril, Huesca, Vila-real eta Realaren aurka jokatuko dau Athleticek urtea amaitu arte. Ganera, bost partidu horreetatik hiru, etxetik kanpo jokatuko ditu, Mestalla, Santiago Bernabeu eta La Ceramican. Garitanoren aurkako kanpaina aspaldi hasi zan eta zuzendaritza batzordea bi bider egon da entrenatzailea kargutik kentzeko zorian. Kontuak kontu, laino ilunak nagusi dira Athleticen eta orain arteko bidetik jarraitu ezkero, leitekeena da entrenatzaile aldaketea egotea urtea amaitu baino lehen. Futbolaren legea da. Garitanok berak esan eban legez, emaitza onak taldeak lortzen dauz eta porrotetan entrenatzailea da errudun nagusi eta bakarra. Taldearen erantzun indartsu batek bakarrik geratu leike entrenatzailearen kaleratzea.