Athletic gora eta behera dabil azkenaldi honetan. Liga txapelketeari jagokonez, Gaizka Garitanoren taldea kezkatzen hasteko moduko krisi batean murgilduta dago. Azken zortzi jardunaldietan garaipenik lortu barik egoteak azalpen gatxa dauka. Zorionez, azken hogeta lau puntuetatik bost bakarrik eskuratu arren, taldea lasai dago sailkapeneko erdialdean, jaisteko postuetatik hamahiru puntura. Era berean, Europarako sailkatzeko postuak gero eta urrunago dagoz, baina ez hainbeste, sei puntora dagoz-eta. Ligan ezinean dabilen taldeak sekulako ilusioa sortu dau Bilbon eta Bizkaian, kopa txapelketako finalerako sailkatzeko bidean dagoalako. Bartzelonaren aurka jokatu eta irabazitako kanporaketak, San Mamesen aspaldian bizi izan dogun unerik gogoangarriena ekarri eban. Granada baino ez dago finalerako bidean. Halanda ze, ligan ezin badogu, kopan gozatu daigun.

Edozein partiduren balorazinoak zerikusi zuzena dauka azken emaitzeagaz. Athleticek galdu egin eban Realaren aurkako derbian eta, beraz, irakurketea ezin da positiboa izan. Are gitxiago aurreko zazpi jardunaldietan irabazi barik egon ostean. Gaizka Garitanok erabagi gatxa hartu behar izan eban Realaren aurka zelairatuko eban hamaikakoa aukeratzeko orduan. Kopan kanporaketa oso gogorra jokatzetik etorren taldea. Horregaz batera, kopako final aurrekoetako lehen partidua jokatu behar dau bihar bertan. Entrenatzaileak kopearen aldeko apostua egin dau -normala dan moduan- eta lau titular baino ez ebazan zelairatu hasieratik Anoetan, Dani Garcia, Muniain, Williams eta enparauak fresko egon daitezen Granadaren aurkako partidurako.

Athleticeko entrenatzailearen plana garbi geratu zan derbian: eutsi lehenengo ordu betean eta aurrerapausu bat emon azken ordu erdian garaipenaren bila joateko. Planaren lehen zatiak ondo urten eban baina bigarrenak ez, Realak azken txanpan sartu eban-eta garaipenaren gola. Hiru puntuen bila joateko urratsa emon ebenean galdu eben partidua zuri-gorriek. Ordezko asko zelairatu izanak ekarri eban Athleticen porrota? Ez dot uste. Titular gehiago zelairatuta zuri-gorriek ez eben galduko Anoetan? Batek daki. Aurreko zazpi jardunaldietan titularrak izan dira zelaian eta ez dabe garaipenik eskuratu. Nire ustez, Garitanok erabagi zuzena hartu eban hamaikakoari jagokonez, Granadaren aurkako kanporaketea lehenetsi ebalako, bere jokalari garrantzi-tsuenak zelan dagozan aztertuta. Aukeratu beharra egoan eta apostuak ez dau ondo urten, gitxigaitik baino ez bada be. Horrelako iraultzetan, faltan botaten dot Bilbao Athleticeko jokalariren bat ez agertzea. Seguru nago, Joseba Etxeberriaren aginduetara dabilen gazteren batek baino gehiagok lan txukuna egingo ebala Anoetako derbian.

Aspaldiko hitzordurik erakargarriena dogu bihar Granadaren aurka San Mamesen. Bartzelona kanporatu ostean -Athleticek kataluniarren aurka galdu ditu azken hiru finalak- kopa txapelketea irabaztea da Gaizka Garitanoren helburu nagusia denboraldi honetan. Zale zuri-gorrien belaunaldi askok ez dakie zer dan Kopa txapelketea irabaztea. Izan be hogeta hamasei urte igaro dira Athleticek azken kopea irabazi ebanetik, Maradona, Schuster, Julio Alberto, Migueli, Carrasco eta enparauen aurka. Aukera historikoa da eta ez dago huts egiterik. Ez dago atxakiarik. San Mames irakiten egon behar da bihar.