IA gogoratu be ez dogu egiten noiz lortu eban Athleticek azken garaipena liga txapelketan. Izan be, Gaizka Garitanoren taldeak ez dau partidurik irabazi abenduaren 2an Granada San Mamesen menderatu ebanetik. Ordurik jokatutako sei jardunaldietan zuri-gorriek bost puntu baino ez dabe lortu. Ukaezina da alde numerikotik aztertuta, taldearen egoerea ez dala ona. Era berean, baina, partiduok ondo aztertu eta taldeak erakutsi dauen jokoa ikusita, esan beharra dago inor ezin daitekeela kezkatuta egon etorkizunari begira. Athleticek arazo nagusi bat dauka: zuri-gorriek ez dabe asmatzen aurkariaren ate aurrean eta gol aukera ugari sortu arren Williams eta enparauak makal dabilz azken metroetan, eraginkortasun barik. Garitanoren taldeak 22 gol baino ez dau sartu 21 partidutan eta entrenatzaileak berak argi eta garbi esan dauen lez, kopuru hori ez da nahikoa sailkapeneko goialdean lehiatu gura dauen talde batentzat.

Jokatzeko planteamendua aldatu eban Gaizka Garitanok Espanyolen zelaian, aurretik Santiago Bernabeun eta Sanchez Pizjuanen egin eban legez. Real Madrid eta Sevillaren aurka defenditzeko egiturea sendotzeko egin eban aldaketea entrenatzaileak. Cornella-El Praten ordea, Unai Nuñez, Yeray eta Iñigo Martinezegaz batera zelairatu izanak erasoko jokoa indartu eban, Yuri Berchiche eta Ander Capari hegal osoak emonda, Athleticek min handia egin eutsolako aurkariari. Zuri-gorriek lan bikaina egin eben lehenengo zatian baina zelaian erakutsitako nagusitasunak sari txikia jaso eban. Celtaren aurka gertatu zan moduan, puntu bat eskuratu barik, bi galdu ebazan Athleticek.

Paradoxikoa dirudien arren, Athleticen erasoko jokoak albiste onak jaso ebazan Bartzelonan. Izan be, Asier Villalibre gaztea izan zan jokalaririk arriskutsuena talde zuri-gorrian. Gol bikaina sartzeaz gain, aurrelari gernikarra bere taldearen erasoko jokoaren erreferentzia bilakatu zan Espanyolen zelaian. Lehen mailako jokalaria dala berretsi dau Villalibrek. Ganera, ez dogu ahaztu behar hogetabi urte baino ez dituela eta tarte handia daukala hobetzen joateko.

Kopa txapelketako partidua jokatuko dau gaur Athleticek. Etxetik kanpo eta bigarren mailako talde baten aurka, barriro be. Itxaron daigun, aurreko kanporaketan Elxen aurka egindako akatsetatik ikasi izana. Aukeraketa gatxa dauka Garitanok Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan zelairatu dauen hamaikakoa egiteko orduan. Izan be, garbi geratu da zuri-gorrien errendimenduak behera egiten dauela jokalari ba-tzuk zelaian ez dagozanean. Era berean, garbi dago entrenatzaileak ezin dituela jokalari berberak erabili partidu guztietan. Gauzak horrela, eta Athleticek final laurenetan egon nahi dauela kontutan izanda, Garitanok ondo aztertu beharko dau zein jokalari zelairatuko dituen gaurko lehian.

Iñaki Williamsek irain arrazistak entzun zituan Espanyolen zelaian. Gertakariak gaitzespen ugari eragin ditu, horrelakoetan beti gertatzen dan moduan. Arazo hau, baina, ez da gaitzespenekaz bakarrik konpontzen. Neurri zorrotzak eta gogorrak hartu behar dira. Arazo hau errotik kendu behar da eta horretarako klubek emon behar dabe urrats garrantzitsuena. Irain arrazistak ez dira futbol zelaietatik desagerrarazi beharreko bakarrak. Arbitroek, laguntzaileek edota jokalariek pairatu behar dabezan edozein irain soberan dago. Sarrerea ordaindu izanak ez dau astokeriak esateko eskubidea emoten.