Brankaganetik kikuke

Amaiera gozoa

24.12.2019 | 06:18
Real Madrid-Athletic partidua

Meritu eta balio handiko puntua eskuratu dau Athleticek Santiago Bernabeun. Egia da, bai, zorteak be lagundu egin eutsola talde zuri-gorriari eta Unai Simoni batez be, baina zorte apur bat be behar da Real Madriden zelaian punturen bat eskuratu eta golik ez jasoteko. Gaizka Garitanoren gizonek lan itzela egin eben Modric, Benzema eta enparauen erasoak geratzeko baina erasoan be arriskua sortu eben aurkariaren ate aurrean. Chamartinen lortutako puntuak amaiera gozoa emon deutso urteari eta liga txapelketaren bigarren itzuli osoa jokatzeko dagoanean, Gaizka Garitanoren taldeak ate guztiak ditu zabalik. Ganera, orain arte ikusitakoa ikusita, inork ezin leike zalantzan ipini Athletic talde fidagarria dala eta aurkari gatxa edozein aurkarirentzat. Santiago Bernabeun lortutako puntuak balio erantsia dauka, konfiantza handia emongo deutsolako taldeari bigarren itzulirako. Real Madridek eta Athleticek Santiago Bernabeun jokatu dabezan partiduen ganeko estadistikea mingarria da benetan. Izan be, gehienetan zuri-gorriek galdu egin izan dabe eta gol ugari jasota, sarritan ondo jokatu arren. Beraz, domekan lortutako puntuari merezi dauen garrantzia emon behar jako.

Gaizka Garitanok Santiago Bernabeun zelairatuko eban hamaikakoaren barri izan ostean, batek baino gehiagok entrenatzailearen aurka jo eban, planteamentu konserbadoregia zala argudiatuta. Garitanok ausart jokatu eban Santiago Bernabeun. Jokatzeko sistema aldatzeaz gain, Mikel Vesga eta Kenan Kodro, minutu gitxi jokatzeko aukera izan daben gizonak sartu ebazan hamaikakoan. Esan beharrik ez dago, bapeznako bardinketa sari ederra izan zala entrena-tzailearen apostuarentzat.

Normaltzat jo beharko geunke Garitanok bost atzelariko defentsea erabiltea zenbait partidutan, horretarako jokalari aproposak ditu-eta. Yeray, Nuñez eta Iñigo Martinez goi mailako zentralak dira, eta Capa, Lekue eta Yuri Berchichek dohain bereziak daukiez hegaletik gora eta behera ibiliteko. Real Madriden aurkako partiduaren aurreko prentsaurrekoan, Gaizka Garitanok argi eta garbi esan eban zelan jokatu behar jakon talde merengeari, presinoa aurkariaren zelaian egiten dabela kontutan izanda: baloi luzeak botata atzelarien eta erdilarien atzeko aldera. Eta horixe bera eginez sortu eban arriskua talde zuri-gorriak aurkariaren ate aurrean. Defentsan, baina, gura baino gehiago sufridu eban Athleticek lehenengo zatian, Real Madrilek ondo baliatu ebazalako zuri-gorriek euren zelaian galdutako zenbait baloi. Bigarren zatian, ostera, isturaldia ez zan hainbestekoa izan.

Hamazortzi partidu jokatu dauz Athleticek 2019-20 denboraldian eta bederatzitan ez dau golik jaso. Zuri-gorriek hamabi gol bakarrik jaso dabe baina hemeretzi bakarrik sartu. Gol gitxi benetan. Datuok garbi azaltzen dabe Garitanoren taldearen ibilbidea denboraldiaren lehen zatian. Argi dago, zein arlotan hobetu behar dauen. Ahalegin horretan, zuri-gorriek eskertu egingo dabe Iker Muniainen itzulerea. Kontuak kontu, pozik egon gaitekez Athleticek urte honetan emon deuskunagaz. Ganera, uste dot Garitanoren taldeak motiboak emon deuskuzala itxaropentsu egoteko datorren urteari begira. Zorionak eta urte barri on brankaganetik.