Iraganekin amesten dutenak etorkizuneko armekin borrokatzen dira. Garai bateko predikari bizarduna gaur egun avatar batek ordezkatu du; tintaz idatzitako orria, ordea, deepfake batek –adimen artifizialarekin sortutako bideo, irudi edo audio faltsua–. Zentro klandestinoa pantailaren beste aldean dago, Telegrameko kanal batean. Terroristen erakarlea ez da Siria edo Afganistanetik etorritako norbait, etengabean lanean dabilen bota baizik. Ez da kontraesana, helburua bera delako; tresnak baino ez dira egokitu. Sofistikazio-teknologikoa heldu zaie eta guri, ordea, erronka eta debatea: nola defendatu geure burua, libertateen oreka galdu gabe. Ez da planteamendu erraza.

Islamismoa ez da islama. Islama erlijio bat da; islamismoa, berriz, ideologia. Proiektu politiko horrek fedea esfera espiritual edo moraletik atera, estatuaren antolaketara eraman, eta bizitza zibilean ezarri nahi du. Hor dago bereizketa: Sharia –Koranetik eta sunnatik edaten duen kode normatiboa–, arau zibilen gainetik kokatzean. Horretarako, islamistek bide baketsuak erabil ditzakete –hauteskundeetan parte hartzea, arauak aldatzea–, edo bide bortitzak, yihad armatua kasu. Edo biak uztartuak.

Identifikazioa funtsezkoa da, gu geu fundamentalismoan eror ez gaitezen, eta, bide batez, ez diezaiogun islamismoari berari mesederik egin. Izan ere, biktimen kontadoreari erreparatuta, oso agerian dago zeintzuk diren, nabarmenki, ideologia hau gehien pairatzen dutenak: islamaren jarraitzaileak berak, islamismoaren eraginpean dauden herrialdeetan. Bien bitartean, guk, mendebaldeko pribilegiotik, zapalkuntza erlijiosoa multikulturalismo zuritzat interpretatu izan dugu sarri askotan -Ai, paternalismoa…-.

Europan ideologia suntsitzaile hau sakonki hedatu da eta, prozesu horretan, azpimarratzeko mutazioa izan du: sare-tradizionaletatik zelula isolatuetara; talde koordinatuetatik “otso bakartietara”; aktibatze planifikatuetatik eraso indibidualetara. Eta mutazio horrek topatu du, gurean, bere mesedetan erabili dezakeen tresna: adimen artifiziala.

Adimen artifiziala kalitatezko propaganda sortzeko tresna da; eta propaganda, aldi berean, oxigenoa da talde terrorista baten jardunerako. Ez da batere konplikatua hizkuntza askotara ekartzea bidio bat, edo botak automatizatzea, teknologia berriak erabilita. Fundamentalistek jakin badakite hau.

Moustafa Ayadek, Institute for Strategic Dialogue erakundeko Afrika, Ekialde Hurbila eta Asiako zuzendari exekutiboak adierazi zuen zein izan den Estatu islamikoaren mezua zabaltzeko gakoa: notizia-buletinak audio‑formatura egokitu eta eduki bisualaren ekoizpena modu zentralizatuan antolatu. Hau da, hain zuzen, aurrean dugun erralitate berria. Aurrean baino, gure etxe ondoan. Ez da esajerazio bat. Asko dira orain arte poliziak desartikulatu dituen sare-terroristak, propagandara bideratuak zeudenak: Madrilen, Gironan, Lyonen, Cornellan edo Valentzian.

Botek Telegram zein beste sare sozialetako kanalak automatizatzen dituzte. Horrek lortzen du, pertsonen esku-hartzerik gabe, egunero hamaika mezu argitaratzea, muturreko narratiba hauspotu ahal izateko. Ez hori bakarrik: hitz egiteko chatbotak sortzeko gai izan dira; horien bidez, erlijioari buruzko galderak erantzun dezakete, ideologia fundamentalistaz kutsatutako aholkuak eman eta, arriskutsuena dena, kide-potentzialen erakartze-prozesuak arindu.

Egoera horrek alarma piztu du Europa osoko inteligentzia zerbitzuetan, eta neurri berriak hartzera bultzatu ditu. Ez bakarrik inteligentzia zerbitzuek: plataformek ere bai. Esaterako, Facebookeko Global Policy Management saileko buruak eta Terrorismoaren Aurkako Politikaren arduradunak, komunikatu batean, adierazi zuten enpresak adimen artifiziala erabiltzen duela terrorismoa goratzen duten edukiak detektatu eta ezabatzeko. Izan ere, eduki horien %99a ezabatzen da erabiltzaileen salaketa jaso aurretik. Google eta Youtuberekin antzeko zerbait gertatzen da.

Bestalde, instituzioak ere moldatu izan dira gerra egiteko modu berri honetara; arma berriei ezin baitzaie aurre egin aurreko tresnekin. Baina egokitzapen horrek ere ekarri ditu, ezinbestean, polemika eta debatea. Alemanian, adibidez, Radar-iTE teknologia garatu zuten: psikologo eta kriminalistek diseinatutako sistema bat, salafismo erradikalaren aurkako prebentziozko detekzioa ahalbidetzen zuena. Edo, duela oso gutxi, Frantzian, Joko Olinpikoen harira, ekitaldi masiboetan “bideozaintza inteligentea” berria aplikatu nahi izan zutenean, “jokabide susmagarriak” detektatzen zituena.

Segurtasuna eta libertatea ez dira kontzeptu absolutu eta isolatuak. Segurtasuna bermatzeko hartzen diren neurriek libertate indibidual zein kolektiboei eragiten diete. Era berean, libertatea bermatuta gera dadin, segurtasun-neurriak hartzea derrigorrekoa izaten da.

Adimen artifizialaren kasuan, arazoak modu esponentzialean handitu daitezke. Datu alboratuak baliatzen direnean, sistema batek susmagarritzat jo dezake, esaterako, arabieraz errezatzen duen pertsona bat, edo Siriari buruzko informazioa partekatzen duen erabiltzaile arrunt bat. AAk kultura biolentziarekin nahastu ahal du, eta erlijioa delituarekin. Ez da hipotesia: gertatu izan da.

Halaber, adimen artifizialak zaintza-masiboa normalizatu dezake. Edozer gauza anomalotzat har daiteke eta, ondorioz, susmagarria izan. Garantiak ezinbestekoak dira. Segurtasunak “susmo orokortuen” dinamikan jarduteak konfiantza hautsi eta erresumina puztu egiten du. Eta erresumin horrek, hain justu, piztu egiten du erasotu nahi den erradikalizazioa.

Hortaz, krimenari aurre egiteko, adimen artifiziala zuzenki erabiltzea erronka handia da. Administrazioek sistemak auditatu behar dituzte, eta arauen aplikazioan zorrotz jokatu. Baina, edozeren gainetik, ezinbestekoa da “gerra” egiteko modu hau beste estrategia batzuekin uztartzea: kontranarratibak eraiki, mehatxu honi buruzko pedagogia landu eta prebentzioa lehenetsi.

Islamismoaren helburua gure gizartearen oinarriak iraultzea da —askatasuna, berdintasuna—. Balio horiek babesteko ahaleginean, gu geu hasiko bagina arinkeriaz zapaltzen, ez al ginateke egongo, akaso, fundamentalistei bidea garbitzen?