ADIKZIOEN belaunaldia izango omen da hurrengoa, adituen arabera. Barazki purearekin batera Pocoyó ikusteko tableta mahai gainean izan duten belaunaldiko neska mutilez ari naiz; guk jatetxeetan postrea jan bitartean gure telefono mugikorrarekin jolasean dabiltzan belaunaldikoak; gure etxeetan orduak eta orduak igarotzen dituztenak Play Station aren aurrean Fornite edo Minecraft izeneko munduetan murgilduta? Eta orain, hainbeste entrenamenduren ondoren, kainoi bazka dira online apustuen eta gure kaleetan gero eta presenteago dauden apustu etxeen eskain-tzaren aurrean.
Asteartean Azar Jokorik Gabeko Nazioarteko Eguna ospatu zen eta beste behin azaleratu zen gero eta larriagoa eta hedatuagoa dagoela gure gizartean ludopatiaren arazoa, eta bereziki hazi dela gazteen artean eta diru-sarrera gutxiko jendearen artean. Espainiako herriaren defendatzaileak jada ohartarazi zuen joko eta joko arduratsuaren jardueren komunikazio komertzialei buruzko dekretuan debekatu egin beharko litzatekela jokoarekin eta apustuekin lotutako publizitatea komunikabideetan, irratian, telebistan eta Interneten.
Behin eta berriz ohartarazi digute jokoarekiko mendekotasunak tabakoaren eta drogen kontsumoaren antzeko ezaugarriak dituela, eta, hala ere, mendekotasunaren aurkako kanpainak egiten diren arren, oraindik ere ikusten dugu gure kaleetan apustu-etxeak ugaritzen ari direla eta gure seme-alaben kirol-idoloek negozio horien izenak beren kamisetetan sustatzen dituztela.
Jokoaren eta apustuen publizitatea mugatzea eta jokoarekiko mendekotasunaren aurrean pertsona ahulenen babesa indar-tzea ezinbestekoa da ludopatia pairatzen duten pertsonekin etxe askotan gertatzen ari diren hainbeste tragedia saihesteko.
Apustu egitea ez da txarra. Are gehiago, bizitzan egunero zerbaiten aldeko apustua egiten ari gara. Ematen dugun pauso bakoitzeko, hartzen dugun erabaki bakoi-tzeko. Garrantzitsuena da jakitea zeren alde egiten dugun apustu. Zein gizarte ereduren alde, ze etorkizunen alde.