Síguenos en redes sociales:

Eraginkortasun kontua

Eraginkortasun kontua

Athleticek galdu egin eban Wanda Metropolitanon Atletico de Madriden aurka jokatutako partidua. Egia esateko, pronostikoa bete egin zan. Izan be, aspaldiko urteetan Bilboko zuri-gorriak ez dira gauza izan punturik lortzeko koltxoneroen zelaian. Emaitzek garbi erakusten dabe Cholo Simeonek Atletico de Madriden ardurea hartu ebanetik 2011. urtean, Athleticek puntu apur batzuk bakarrik lortu ahal izan dituela hareen aurkako partiduetan. Kontuak kontu, ezin esan Madrilen izandako porrotak ezustean harrapau gaituenik. Bitxia bada be, Athleticek ez eban partidu txarra jokatu Wanda Metropolitanon eta Getafen, Leganesen, Mallorcan edota Vigon baino itxura hobea emon eban. Kontua da, Garitanoren taldeak ez ebazala gol aukerak gauzatu eta, ostera, aurkariak sartu egin ebazan Unai Simonen ate aurrean euki ebazanak. Eraginkortasun kontua.

Ausart ekin eutson Gaizka Garitanoren taldeak norgehiagokari Metropolitanon eta markagailuan aurretik ipinteko zorian egon zan. Iñigo Martinezen burukadea geraezina zan lehen mailako atezain gehienentzat baina ez Jan Oblakentzat. Ez dakigu zer gertatuko zan Athletic aurretik jarri izan balitz markagailuan baina garbi dago Garitanoren taldeak aukera bikaina galdu ebala. Futbolean, eta are gehiago Atletico de Madrid bezalako talde baten aurka, nork bere aukerak sartzen ez dituenean garesti ordaintzen dau. Correak zoratu egin eban Unai Nuñez area barruan eta errebote batzuren ostean Saulek sareetara bidali eban baloia. Zortea be ez zan bilbotarren alde egon. Athleticek ekinean jarraitu eban bigarren gola jaso eban arte. Munianek huts nabarmena egin eban defentsan Tripier bakar bakarrik lagata eta haren erdiraketa sareetara sakatu eban Moratak. Orduantxe amaitu zan partidua.

Beste behin argi geratu da Athleticek arazo itzelak dituela aurkariaren ateak zulatzeko. Zuri-gorriek gol bi baino ez dabe sartu azken bost jardunaldietan eta jakina, holan ez dago inora joaterik. Orain arte ikusitakoaren arabera, Williams, Muniain eta Raul Garciak beti jokatu behar dabe, bai ala bai. Agian, beste bideren bat be jorratu beharko leuke entrena-tzaileak hirukote ikutuezin honen errendimendua ikusita. Garitanok aukera ugari emon deutso Cordobari baina honen erantzuna ez da ona izan. Bestalde, partiduak aldats gora ipinten diranean entrenatzaileak hartzen dituen erabagiak beti betikoak dira. Zortzi partidutan zelairatu dau Aduriz aulkitik eta donostiarrak ez dau aldaketarik ekarri. Ezta Ibai Gomezek be. Barriro dinot talde honek haize freskoa behar dauela.

Bost jardunaldi daroaz Athleticek irabazi barik eta bolada txar honek eragiten dauen presinoa gero eta handiagoa da. Txapelketaren laurena jokatuta, Athletic sailkapeneko erdialdean dago baina nahi baino hurrago ditu sailkapeneko zuloko postuak. Ganera, taldearen ganeko zalantzak gero eta handiagoak dira, batez be, erasoko jokoa sortzeko erakusten dituen gabeziak ikusita. Biharko Espanyolen aurkako partiduak garrantzi handia hartu dau Athleticentzat, garaipena lortu ezean taldearen inguruko giroa asko garraztuko litzatekeelako. Garitanoren taldeak hiru puntuak behar ditu eta horretarako ausardiaz jokatu behar dau azken jardunaldian etxetik kanpo irabaztetik datorren taldearen aurka. Liga hasierako jardunaldietan Katedralean ikusi genduan Athletic indartsua ikusi gura dogu osterabe.