GURE etxeko armairu eta liburuetan bezala, horrela pausatzen da hautsa gure gainean ere, gure sorbalda eta buruen gainean, urteak aurrera doazen heinean. Behin adin batera helduta, askotan sentitzen dugu desfasatuta gaudela, zaharkituak, garai bateko etxeetako paper margotuak bezala. Ez ditugu ulertzen, adibidez, gure ilobak erabiltzen dituen hitz berri horiek; ez dugu ezagutzen hirira asteburuan datorren musika taldea (benetan ez dituzu ezagutzen?, galdetuko dizute, harrituta), ez dugu gure barnean aurkitzen garai bateko pasio eta indarra, handik hara beti zerbaiten bila ibiltzera bultzatzen gintuen indar geldiezin hura. Askotan, gure oinei begiratu eta etxeko zapatilen mozorroa jantzi dutela iruditzen zaigu, jada ez direla kapaz bide berriak irekitzeko, eta gure bizi-tzaren ibilbidea beti kale eta errutina berdinetatik igaroko direla sinesten dugu.

Baina batzuetan dena aldatzen da egun batetik bestera. Aldaketa hori gauza ezberdin askok eragin dezakete, bakoitzaren bizitzaren arabera. Batzuetan gure bizitzan garrantzitsua izan den norbaitekin berriz elkartzeak eragin dezake aldaketa; beste batzuetan gaixotasun bat gainditu izanak; etxez edo lanez aldatzeak; bidai batek; harreman berri batek? Modu ezberdinetan gertatu daiteke, baina bat batean bizigarri bat aurkitzen dugu, aspaldi ahaztuta geneukan etengailu bat zapaldu dugula sentitzen dugu, eta bizigarri horrek astindu egiten gaitu. Uretatik irten berri den txakur baten modura astintzen dugu geure burua, inguru guztia zipriztinduz, eta orduan konturatzen gara gainean geneukan hautsa ez zegoela bertan betirako, hautsa gainean eramatera ohitu bagara ere, eta gure azalean barneratuta sentitzen bagenuen ere.

Eta hautsez beteriko liburu bat hartu, trapu batekin garbitu eta orrialdeak irekitzean hango pertsonaiak oraindik bizirik daudela egiaztatzen dugunean bezala, une horretan gu ere bizirik senti-tzen gara berriz. Eta une argitsu horiek bizitzarekin adiskidetzen laguntzeaz gain, berriz ere eta erakusten digute ezer ez dagoela aurretik idatzita, eta bizitzak beti harritu gaitzakela.