Síguenos en redes sociales:

Kilometroak

Kilometroak

KILOMETRO bertikala, gora eta gora, korrikaldi batean, ahituta, birikak lehertuta. Indarrak denborarekin neurtzeko proba ezin hobea, fisikoki exijentzia handikoa. Baina tira, kilometro horizontalak dira maiz egiten ditugunak. Nik neuk dezente egiten ditut astebururo, mendian gora eta behera, paisaiarik ederrenaren bila beti. Baina asteburu honetan kilometroak zelan izan daitezkeen hain ezberdinak ohartu naiz.

Kilometroak metatu ziren igandean hainbat euskal herritarren eta Galiziatik, Kataluniatik eta Espainiako beste lekutatik etorririkoen pazientzian, non eta Altsasurako bidean, non eta herrirako sarreretan. Hantxe ia 60.000 lagun bildu ziren, kilometroak jan eta gero, Espainiako Auzitegi Nazionalaren azken epaia gaitzesteko, benetako justizia aldarrikatzeko, bertako gazteei elkartasuna eta babesa erakusteko.

Eta kilometroak eta kilometroak ibili eta gero, herri horretako neurri guztiak txiki gelditu ziren, metro koadroetan pertsona inpirioa bildu baitzen, estu-estu, kaleek gainezka egin zuten arte. Kilometroak kolapsatu ziren, eta autoen eta autobusen ilarak, nola ez, kilometrikoak izan ziren. Baina distantziak laburtu egin ziren bertatik sortu zen berotasunarengatik. Urruntasunak neurtzeko aparailu guztiak nahastu ziren, okerreko datuak eman zituzten, elkartasunak bolumen handiegia hartu baitzuen.

Eta bolumen hori erregistraturik gelditu da betiko, gezurrak ere erregistraturik gelditzen diren modu berean, benetako errealitatea eta egi berdaderoa azaleratuko diren moduan.

Euskal Herriko beste txoko batean, handik urrun, beste kilometro ba-tzuk ere neurtu ziren joan den asteburuan. Espainiako armadako hegazkin-ontzi bat Getxon izan da porturatua, Kantauri itsasoan militarren arteko sasi-gerrak egin eta gero. Barku handia bisitatzeko eta kuriositateak bultzatuta, pertsona ilara kilometrikoak ere sortu ziren.

Halarik ere, gerrarako metalezko munstro hori hondamendia eragiteko helburuz eraiki zen, ez mediterraneoan hiltzen diren hainbat iheslari erreskatatzeko.

Kilometroak egiteko orduan, aukeratu behar da zergatia.