OTSAILEKO hego-haizea berez zoraturik etorri da, arraro, ezohiko. Udako klima hainbat egunez ezarri, eta sute handiak probokatu ditu. Batzuetan ostera, egoki etortzen da, eta honako esamoldea dugu euskaraz hori adierazteko: (ezer inori) hego haizea gaztainarentzat bezala etorri (Oraintxen dator neretzat, ego aizia gaztañentzat bezala). Baina orokorrean zoratzeko jomugarekin agertzen da.

Eta aste honetan beldurra eragiteko gogoz ere etorri da, izan ere, abiadura handiak hartu dituzte bere ufadek, modu zakarrean hurbildu baitzaigu. Ohi den bezala, buruko minak eta gure aldartean gorabeherak eragin izan ditu nabarmenki. Batez ere, sute handiak sortu dituen eremuetan.

Suterik larrienetakoa Muskizen gertatu zen astearen lehen orduetan, eta haizeak hauspotuta, une larriak bizi izan ziren erre ziren hektarea dezente horietan. Autobidea eta errepide nagusia itxi behar izan ziren, eta herrian bertan polikiroldegia egokitu behar izan zen, hustutako etxeetako familiak behar bezala artatu eta ostatu har zezaten. Zorionez ordu txikietan sua kontrolpean zegoen; dena sustoa handi bat izan zen.

Argi dago hego-haizeak piromano eroak ere erakartzen dituela, eta seguruenik, egunotan sortu diren erreketa horiek ez dira batere naturalak izan, probokatuak baizik. Adibidez, Muskizko alkateak esan zuen sutea nahita piztuta izan zela, horretarako zantzuak badirela.

Baina kostaldeko herri horretakoa ez da ezbehar bakarra izan, Trapagaranen, Igorren, Amoroton edota Eibarren izan ziren suteak, baita Nafarroan eta Zuberoan ere. Lesakako ingurunetan gertatu zen handiena, baina inguruetako beste herri askotan sua modu miresgarrian sortu zen. Inauterietan irentxoak, lamiak, basajaunak eta bestelako pertsonaia mitologikoak suarekin olgetan ibiliko ziren? Ez dut uste.

Sasikume batzuk suaren pirotekniaz liluraturik omen dabiltza, hego haizeak astintzen dituen bitartean; jakin badakigu hego-haizea, zoro haizea dela. Suaren hipnosiak mendia kiskaltzen du kriminalek horrekin gozamena hartzen duten bitartean. Nazkagarri halakoak!