Trapuak
AUZOKIDERIK ba dut -eta ezagun asko- Espainiako bandera bat edonon ikusten duenean, insulto tonuan, españolazo eta, kasu askotan, faxista ere deitzen diona edo ezpain artean behintzat xuxurla-tzen duena. Gehienetan EHtik landa, Kantabria, Burgos edo Palentzian bizi den edonork gorri-beilegi horren ordez ikurrina gurtu behar balu bezala. Berdin dio, ausardi osoz, Zornotza edo Legutioko txalet edo etxe baten zapi hori jartzen duena horrela irain-tzea. Hurbiletik ezagutzen ditudan dozenerdi kasutan laido horiek erabiltzen dituztenak 5x3 metroko hiru kolorekoa jartzen dute lorategian edo balkoian Aberri Eguna bezalako oroimenetan edo Athletic-en partidu egunean, beste barik. Nire gaurko kritiketatik landa uzten ditut nola halako erakundeak edota hauetan urteetan zehar irauntzen duen bandera gerra edo Nafarroako kasuen, sinboloen arautegia. Beste une baten arakatu beharreko gaia.
Kontraesan nabarmena ematen du garrantzia kendu nahi diodan gai batez zutabe erdia erabiltzea; hasi orduko eta orain ere trapua deitzen diodalako baina majinabat gorroto ez ezik gerra fisikoak eta latzak eragin dituen objetua dela zorion edo zori txarreko oihal hori mundu guztian.
Trapu bat azken batean, gero astindu ederrak jaso dituen, telebista kate pribatu bateko umoregile batek mukiak kentzeko erabili zuena, kasurako. Trapu bat, gaizki deituko Gerra Zibila bizi izan zuten nire gurasoak, ideiak bezala gordeta eduki behar zala esaten zigutena eta, nola diren kontuak, GCk lehen aldiz holako bat Bizkargin erakustearren atxilotu ninduten.
Trapua ekarri ditut harira, inork hautatu gabe Espainian agintzen duen errege edo monigoteak urteko diskursorik behinenetako bat -Errege Mago egunekoa hain zuzen- zorioneko piper-poto trapu horri eskaini diolako. Espainia santa horretan beste gai edota ardurarik ez balego bezala. Ekonomia, etorkinen auzia, Osasun eta hezkuntza eta abar luze bat. Aurretik esan ditudan denen kontraesana; “la bandera nos une” dionean, trapu horrek -eta besteek- banandu besterik ez gaitulako egin.