Konstituzioa
OI Konstituzioa! Oi Konstituzioa! Oi Konstituzioa! Saindu guztien Konstituzioa! 78ko Konstituzio saindua! Aurrerabide guztien ama! Aberastasun ororen banku! Askatasunaren berme! Identitatearen oinarri! Hondorik gabeko jakintzaren liburu! Konstituzio bedeinkatua! Sakratuetan sakratu!
Espainiako Trantsizioaren zutabe! Espainiako Historia oztopatuaren une luzeen! Konstituzioa!
Frankistak egindakoarengatik ezer ez pagatzea bermatzen duen Konstituzioa! Baietz bozkatu ala diktaduran jarraitu aukera zerukoa eskaini zuen Konstituzio saindua! Fraga Iribarne zikindu gabea aberriaren gizon saindutzat loriatu eta zeruetara igo zuena! Berrogei urte lehenago izandako gerra ahanzturaren zelaietara kondenatu zuen Konstituzio bakezalea! Bermeen berme bedeinkatua! Aldaezin betierekoan Europako kapitalen aginduetara arratsalde batean aldatu, eta ez-aldatuarena egin zioten arautegi aratza! Denon gidari purua! Espainiako batasunaren berme sakratua! Bere baitan 155. artikulua gordetzen duen liburu donea! 8. artikuluarekin armada subiranotasunaren zaindari para-tzen duen gida gardena! Frankismorik gabeko bermeen berme bedeinkatua!
Oi Konstituzioa! Oi Konstituzioa! Oi Konstituzioa! Modernitatea ekarri zigun liburua! Berorren Maiestatea buru egin eta dirutza ederrak pagatu behar zaizkiola agintzen duena! Nahieran irakurri eta interpretatzen dena! Eskubideak jaso eta ez bete-tzeak gobernuari batere ondoriorik ekartzen ez diona dizkiona! Oi Konstituzioa bere baitan autonomia daramana! Bat izanik, ehun den izaki xahua! Batasunaren bermeen berme sakratua! 40 urte bete eta betetzen ez dena! Botere betearazlea eta judizialaren arteko independen-tzia agintzen duen aldarri gezurtatua! Aitak, eta ez amak, dituen lege agindua! Oi Sole ì Tura!, Oi Herrero de Miñon!, Oi Gregorio Peces-Barba! Fraga Iribarne frankistarekin idatzi zenuten testu gora! Oi Konstituzioa, pobreen babesle, bortxatuen lagun-tzaile, kondenatuen justizia, etxegabetuen eraikitzaile, askatasunaren zuzi izekia, langileen eskubideen bultzatzaile, gailegoen eta euskaldunen eta katalanen aita amoltsu! Oi Konstituzio, aintza zuri! Erregutzen dizugu: salba gaitzazu gaitzetik, Konstituzio! Amen.