Athleticek ezin izan eban garaipena eskuratu Real Madriden aurkako partiduan baina zale guztiok pozik urten genduan San Mamestik Berizzoren taldeak eskatzen deutsaguna eskeini euskulako. Zuri-gorriek aginka egitera urten eben zelaira lehen minututik eta gauza gitxi egiteko aukerea emon eutsen aurkariei. Jokalariek zelaian erakutsitako amorruak biztu egin eban zaleria eta sekulako giroa egon zan Katedralean. Kontua da erakutsitako joko mailea ez dala Real Madrid edo Bartzelonaren aurkako partiduetan bakarrik erakutsi behar. Horixe da erronkea. Edozelan be, Eduardo Berizzo buru dauen proiektuak ilusinoa sortu dau Athletic zaleon artean.

Athleticeko entrenatzaileak argi eta garbi dauka zelako jokoa egin behar dauen bere taldeak. Alde taktiko-teknikoak alde batera itxita, jokalariek gorputz eta arima ipini behar dabe zelaian eta lehen minututik ganera. Jarrera aldetik aurkaria ezin da inoiz gu baino gehiago izan. Nerbio bizi hori oinarri moduan hartuta, Berizzoren taldeak ez deutso arnasarik hartzeko astirik be emoten aurkariari. Athleticek ez dau baloi barik jokatu gura eta aurkariak daukaunean txakur amorrutuen moduen doaz lehenbailehen berreskuratzeko asmoagaz. Jarrera horrek, jakina, ahalegin fisiko itzela eskatzen dau eta oraingoz behintzat jokalariak ederto erantzuten dabilz. Horregaz batera, Berizzok erabili gura dauen joko estiloak arrisku handiak hartzea dakar eta defenditzeko ardura nagusia daukien jokalariak oso zuhur ibili behar dira. Alde horretatik, Iñigo Martinez hamaikakoan sartu izanak sendotasuna emongo deutso taldeari.

Berizzok ondo egituratuta dauka bere gustuko hamaikakoa postu gehienetan. Atzealdean ez dago zalantzarik eta De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez eta Yuri Berchichek osatutako laukotea ondo finkatuta dago. Aurrealdean be gauzak argi dagoz eta Williams, Susaeta eta Aduriz dira hautagai nagusiak titular izateko. Dani Garcia eta Muniain be ikutuezinak dira. Erdialdean, baina, Berizzok ez dauka oso argi nor dan jokalaririk egokiena bi horreekaz jokatzeko. Unai Lopez erabili eban lehen partiduan, Raul Garcia bigarrengoan eta Beñat hirugarrenean, donostiarra eta Iturraspe deialditik kanpo itxita. Jokalarien arteko lehia hamaikakoan sartzeko ona da beti taldearentzat eta Berizzogaz ondoen dagoanak jokatuko dau.

Unai Simon eta Dani Garcia nabarmendu gurako neukez beste taldekide guztien ganetik. Atezainaren errendimenduak ez nau ezustean harrapatu. Izan be, beheko mailetan behin eta barriro erakutsitako maila bikaina berresten dabil San Mamesen. Dani Garciak liluratu egin ditu Athletic zale guztiak. “Non egon gara jokalari hori lehenago fitxau barik” errepikatzen eben askok Real Madriden aurkako partiduaren ostean. Zumarragakoak sekulako orekea emoten deutso taldeari eta egon behar dan lekuan dago beti.

Athleticek hiru partidu bakarrik jokatu dauz hogeta sei egunetan eta hirurak etxean. Hurrengo hamabi egunetan, barriz, lau partidu jokatuko ditue zuri-gorriek, Betis eta Bartzelonaren aurka kanpoan eta Vila-real eta Realaren aurka San Mamesen. Ia Berizzoren taldeak Real Madriden aurka erakutsitako maila onari eusten badeutso.

Ezin amaitu arraun kontuetan sartu barik. Urdaibaik zazpigarrenez irabazi dau Eusko Label ligea -hamasei ekitaldi jokatu dira- eta Lekitxarra gorengo mailara itzuliko da hamabost urteren ostean. Datorren denboraldian Bizkaiko sei traineru lehiatuko dira Ligan. Zorionak!