Geldiro baina sendo
Zortzi jardunaldi kateatu dauz Athleticek galdu barik Liga txapelketan eta datu horrek asko esan gura dau Kuko Zigandaren taldearen alde. Behin baino gehiagotan errepikatu dogu taldeak hondoa jo ebala Formenteraren aurkako kopako kanporaketan eta ordutik zuri-gorrien errendimenduak gorakada nabarmena euki dau. Liga txapelketako lehen itzulia amaituta, sailkapeneko hamaikagarren postuan dago Athletic Europako postuak lau puntura dituela eta jaistekoak bederatzira. Beraz, ezin esan zuri-gorriek lan txarra egin dabenik denboraldiaren lehen zatian. Egia da taldeak gora behera handiak izan dituela baina ate guztiak zabalik dituela iritsi da denboraldiaren bigarren zatira. Ganera, garbi dago dinamika positiboan murgilduta dagoala Zigandaren taldea. Ekipoak urrats garrantzitsua emon eta urrundu egin da denboraldiaren lehen zatian hurregi euki dauen amidelgitik. Orain beste urrats geratzen jako sailkapeneko goialdean sartzeko musturre. Apurka apurka doa baina hutsik egin barik.
Hogeta hamaika partidu jokatu dauz Athleticek 2017-18 denboraldian, uztailaren 27an Bucurestin Dinamoren aurka jokatu ebanetik. Ordutik eta hona, Zigandaren taldeak zortzi partidu bakarrik galdu dauz, %25a gitxi gora behera, hamabi irabazi eta hamaika bardindu. Ganera, zortzi porrotetako bi istripu larriak izan ziran San Mamesen Zorya Luhansk eta Formenteraren aurka. Galdutako zortzi partiduak aztertuta, sei, gol bateko aldeagaz galdu ebazan Athleticek eta nabarmentzekoa da talde bi bakarrik izan dirala gauza zuri-gorriak menderatzeko gol biko aldeagaz: Celta Balaidosen (3-1) eta Bartzelona San Mamesen (0-2). Ganera, Valverderen taldeak 92. minutuan sartu eban bigarrena. Datuok garbi erakusten dabe Athletic aurkari gatxa dala edozein talderentzat. Zigandak atzealdeko sendotasunean oinarritu gura dau bere taldearen jokoa eta asko kostata izan bada be taldeak eskuratu dauz entrenatzaileak eskatutako erregulartasuna eta sendotasuna.
Athleticek gol bi baino ez dauz jaso liga txapelketako azken sei jardunaldietan. Zuri-gorriak sendo ari dira defenditzeko orduan Espanyolen zelaian erakutsi eben legez. Kuko Zigandak hamaikako orekatua lortu dau saiakera ugari egin ostean. Alavesen aurkako partiduan gertatu zan lez, emoten dau entrenatzaileak ez dauela hamaikakoa ikutu gura eta Cornella-El Praten be oso berandu egin ebazan aldaketak, azkeneko biak batez be. Neurri baten ulertzekoa da entrenatzaileak ondo funzionatzen dabilen egitura bat ikutu gura ez izatea. Halanda be, taldearen errendimendua ona izan arren, badauka zer hobetu Zigandaren ekipoak, erasoko jokoari jagokonez batez be. Ez nabil esaten hamaikakoa aldatu behar dauenik, baina Beñat edo Iñigo Cordobaren ekarpena handiagoa izan beharko litzatekeela uste dot. Arratiako erdilaria guztiz errekuperatuta dago Munichen egindako ebakuntzatik baina hondino ez dau ganorazko tarte bat jokatzeko aukerarik izan. Taldeak jokoa sortzeko orduan oindino be dituen arazoak kontutan izanda, Beñat Etxebarria jokalari aproposa da gabezia horreek konpontzeko. Iñigo Cordobari jagokonez, ez dau ia jokatu ligako azken zazpi jardunaldietan, aurreko zazpiretan titular izan ostean. Protagonista izatetik erdi ahaztuta egotera igaro da bilbotarra. Esan beharrik ez dago hamaikakoan sartzea oso gatx dagoala gaur egun Athleticen. Susaeta eta Williams ederto dabilz jokatzen baina Cordobak erakutsi dau bizitasun handia emon leikiola ezker hegalari. Erasoko jokoaz ari gara osterabe.