MATXISMOA, feminismoak arazo bihurtu arte, airea bezalakoa zen, ikusi ez baina gizartearen bizitzak irauteko beharrezkoa zuen zerbait. Feminismoak aire horren usain, partikula, mugimenduek batzuendako beste ba-tzuendako baino abantaila gehiago eskaintzen zutela seinalatu zuen, eta horrela haren naturaltasuna eta berezkotasuna salatu. Emakumeak, uste dut neurri batean edo bestean, mundu osokoak, altxatu eta, utzidazue sinplifikatzen, arren, #MeToo kanpaina arte ailegatu dira. Kanpaina horrek goi esferetako emakumeen kontrako bortizkeria seinalatu du, esan digu, aktoreek ere jasan behar izan dutela lan egin behar izateko gizonek objektuak bezala tratatzea, hainbat eta hainbat Hollywoodeko filmetan agertu bezala.

Alde horretatik ez dut kontradikziorik ikusten Catherine Deneuvek, baina niretzat batez ere, Catherine Milletek (La vida sexual de Catherine M. zoragarria da) argitaratu duten gutuna gorte egite eta eraso sexuala bereizi nahian.

Segur aski Catherine Milletek, aberatsa eta giro intelektualean bizitakoa, ez du inoiz sentitu gorte egitearekin hasi eta eraso sexualean buka zitekeen egoerarik. Baina nire ustez, eta oso ezjakina naiz gizon-emakumeen arteko sedukzioan, joko sexualak behar du dagoen airearekin jolastu, eta hitza errepikatzen dut: jolastu, transgresioa irudikatzeko. Beti bezala gizonek emakumeen gainean duten boterea da arazoa.

Niri benetan, pederastiaz akusatu eta epaiketan errugabe erabakitako lagun bati gertatukoaren harira, beldurra ematen dit airea egurasteko haizeak eragin ditzakeen albo kalteak. Eta zentzu horretan, gay izan eta kasuaz irakurri dudanaren gutxia kontuan harturik, Anthony Rappen salaketaren ondoren Kevin Spacey gertaturikoa albo kaltea iruditzen zait.

Eta, bide batez, akats galanta deritzot egunkari honetan aurreko asteburuan argitaraturiko Xavier Vila-Coia artikuluari paso eman izanari, eta okagarria iruditzen bazait ere, Fernandoren egia bat esatera noa, eskubide guztia du idazteko. Beste kontu bat da argitara-tzea. Zabaldu leihoa, egurats dezagun.