Síguenos en redes sociales:

Ez

Denetarik ikusi dut zirrikitu honetatik begira lehen aldiz hona etorri nintzenez geroztik, ez baitira alferrik ia 23 urte igaro. Astero etorri izan naiz, huts txikiak gora-behera, eta ongi edo gaizki egin ote dudan ez badakit ere, esan dezaket gutxienez zintzo jokatu dudala beti, nire buruarekin, behintzat. Azaldu nahi dudana azaldu dut beti, inolako mugarik gabe (espazioak ezarritakoez landa, jakina). Egunkaria kudeatzen dutenek ez zuten beti gogoko izango eskainitako tartera jaulkitakoa, baina sekula ez didate eragozpenik jarri. Beti eskertuko diet, zuzenkeria nagusi den garai honetan maiz ez zuzena izateko eman didaten askatasuna.

Denetarik ikusi dut, baina ez nukeen sekula pentsatuko joan den barikuan argitaratu zen zaborraren parekorik leituko nuenik neurri txikian bederen neurea ere baden egunkari honetan. “El ‘caso La Manada’: ¿Violación o filme porno?” izenburua du, eta Tribuna Abierta saila eskaini zion Deiak. Ez dut hemen idatziko zein den egileak (sic) garatzen duen tesia (sic, berriro), eta bakarrik esango dut izenburuak islatzen duen bezain gordina, mingarria eta iraingarria dela hasieratik bukaerara. Mina ematen duten ukabilkada horietako bat; mina eta nazka.

Ez naiz inozoa, edo ez sobera. Ongi dakit bertan jasotzen diren basakeriak ez direla salbuespena, pentsamolde misogino eta matxistaren oinarria islatzen dutelako. Egunero, uneoro, emakumeok pairatzen dugun biolentzia sistematikoaren zimenduak jaso ditu, modu bereziki gordin eta iraingarriaz, balizko sasi-intelektualismoz zipriztinduta bada ere. Betiko kaka, lurrin sasi-akademikoz jantzia.

Orduan, zerk asaldatu nau? Bada, hemen irakurri izanak, konpartitzen ditudan orri hauetan. Hemen, neurea ere baden etxe honetako orrietan; bide batez esanda, irakurle, zeurea ere baden etxe honetan.

Denetarik ikusi dut zirrikitu honetatik begira azken 23 urtetan, eta lehen aldiz, oso deseroso sentitu naiz orri berberetan idatzi behar dudalako, lehen aldiz sentitu bainaiz iraindua nire etxean bertan. Eta orain, zer?