ATHLETIC bide onetik joiala idatzi neban aurreko astean Sevillari irabazi ostean. Ordutik, partidu bi baino ez dauz jokatu Zigandaren taldeak eta bietan be negargarri ibili da. Ostersunden eta Leganesen zuri-gorriek emondako irudia ikusita, ezinezkoa da baikor egotea taldearen etorkizunaren ganean. Athletic iparra galduta dabil eta lehenbailehen itzuli behar da bide onera sailkapenean egoerea larria izan baino lehen.
Athleticen egoerea ez da ona eta mundu guztia -zaleak, entrenatzaileak, jokalariak, direktiboak- kezkatzen hasita gagoz. Holakoetan beti gertatzen dan moduan, errudunak bilatzea ezinbestekoa dala emoten dau. Eta talde bat txarto dabilenean futbol munduan beti gertatzen dan moduan, Kuko Ziganda joten dabe askok Athleticen ibilibide makalaren arduradun nagusi lez. Entrenatzailea ez da ezkutatzen eta argi esan dau bera dala taldeak bizi dauen egoera makalaren errudun nagusia. Esan beharrik ez dago Ziganda dala lehen taldearen arduradun nagusia eta ondorioz erantzunkizun handiena berea da. Hori esanda, jokalarien errendimendua oso makala dala esan behar dogu. Entrenatzaileak Sevillaren aurkako partiduan zelairatutako hamaikakoa errepikatu eban Suedian -aldaketa pare bat bakarrik eginda- eta erantzuna bestelakoa izan zan. Zigandak plantilako ia gizon guztiak erabili dauz eta hiru lau kenduta -Muniain, Nuñez, Cordoba, Kepa- beste guztien errendimendua negargarria izan da eta partidu batzuk huts egite indibidualen ondorioz galdu dira. Azkena Leganesen aurkakoa. Kontua da, taldearen errendimendua antzekoa dala jokalari batzuk zein beste batzuk zelairatu.
Athleticeko entrenatzailearen burua ebagitzeko bidea zabaldu gurean dabilz batzuk, konponbide egokiena dalakoan. Ez da giro Athleticen eta are gitxiago taldearen zaleen artean. Zigandaren taldea negargarri jokatzen dabil, bai, eta Ostersund eta Leganesen ikusi genduana mingarria izan zan benetan. Baina, zorionez, taldea bizirik dago lehiaketa guztietan eta argi gorriak biztu barik dagoz. Garbi dago taldeak ezin dauela holan jarraitu eta entrenatzaileak eta jokalariek inork baino hobeto dakie egoerea irauli egin behar dabela hondoa jo baino lehen. Kontua da, zulotik urteteko ahalegin horretan ez dala bape lagungarria taldearen inguruan bizi dan giro ezkorra eta toxikoa. Futbolean jokatzen dakiela erakutsi dau talde honek eta horreri eutsi behar deutsagu. Horregaz batera, eta Zigandak Leganesen esan eban lez, ondo aztertu behar dabe txarto egindakoa lehenbailehen konpontzeko asmoagaz.
Partidu gogorrak bezain erabakigarriak jokatuko dauz Athleticek hurrengo asteetan eta orduan ikusiko dogu zein dan taldearen erantzuna. Zuri-gorriek Ostensundsen aurka jokatuko dabe Europa Leaguen San Mamesen, eta Bartzelona, Vila-real, Real Madrid eta Reala izango dira hurrengo lau bisitariak Katedralean.Tartean, Ukrainian, Vigon, A Coruñan eta Levanteren zelaian jokatuko dabe zuri-gorriek. Urte amaiera gogorra ezelako zalantza barik. Taldea behartuta dago mailarik onena emoten amildegitik urrundu gura badau. Talde honek Europarako sailkatzea lortu dau azken denboraldietan eta badaki futbolean jokatzen. Zorionez edo zoritxarrez, ia ez da aldaketarik egon plantilan eta goizago ala beranduago barruan daroen futbola atara behar dabe barriro Adurizek, Iturraspek eta enparauek.