Hara
URAREn baretasuna gogoratzen dut. Ur-jausi asko zeuden toki hartan, baina likido zuria eta gardenaren abiadura bestelakoa zen. Altura handitik jausten zenean, denboraren gortinaia osa-tzen zen zure begien aurrean. Dena zen umel, heze, berdetasunerantz egina, nahiz eta sumendien herrian gertatzen zen kaleidoskopioaren bisualizazioa. Uraren geldotasunak eta lurrarekiko sinbiosiak erakar-tzen ninduten. Ilargiko paisaian egon zintezke, sumendien lerdeaz blaiturik, inguraturik, eta zeru-mugatik zetozen afrontuei esker, handik kilometro batzuetara, berdetasunaren inperioa kausitzen zenuen.
Geografia hura ez zen alturakoa baina eremu hartatik, espazio izoztu hartatik lerratzen zen ur guztia, itsasoraino, eta erreken formek beso eta adats luzeak margotzen zituzten, zerutik ikusiz gero. Itsasoa ere desberdina zen. Olatuen dantza amaigabea gris eta beltz koloreko hondartzetan bukatzen zen. Amaigabeak ziren hango lautada bustiak, eta horietariko askotan izotz blokeak azpiak jota gelditzen ziren, olatuen jostailu urdinak balira lez. Ura hoztasunaren definizioaren jabe bilakatzen zen. Lasaitasuna zegoen paraje hartan. Eta isiltasuna ere bai. Magikoa zen espazio osoa, hausnartzerako epe luzeak eskaintze zituena, bakearen paradigma deskribatzen zuena, zure bizitzaren esentziaren parametroak eskain-tzen zizkizuna. Baketsua zen mundua, egunean eta argia erabat joaten ez zen gauetan.
Hegazti batzuk alderrai zebiltzan haizearen apeta setatian, noranzko definigaitzan, aire-korronteen kontrako borroka lasaian. Hurbilduz gero, defentsarako oihuak askatzen zituzten, eta erasorako prestatzen ziren; bertako lurraldeko biztanleen biolen-tzia bakarra hura zen. Egia da, ez zegoen biolentziarik.
Orain, anitzetan, hara joaten zait ihesean gogoa eta oroitzapena, batez ere, azken egunetako eszenak ikusita. Botereko batzuen biolentzia, inpunitatea eta despotismoa ikusten ditudanean, euren burua politikotzat duten ez-pertsona batzuek euren ideiak kolpeka eta inposizioz transmititu nahi dituztenean, etika eta askatasuna zer diren ere ez dakitela.