ATHLETICEK galdu egin eban Valen-tzian, baina Mestallan ikusitakoak itxaropenerako arrazoiak emoten deuskuz”. “Partidu gogorrak datoz eta jokalariek aurrerapausu bat emon behar dabe datorrenari aurre egiteko”.Krisian murgilduta ekin eutson Athleticek Valentziaren aurkako partiduari Mestallan. Hiru egun lehenago Zigandaren taldeak denboraldiko partidurik makalena jokatu eban Europa Ligan eta galdu egin eban moltzoko ustezko aurkari eskasenaren aurka ezintasun kezkagarria erakutsita. Hori gitxi balitz, Iker Muniainek, orain arte jokatutako norgehiagoka guztietan taldeko jokalari onena izan danak, belauneko lotailuak apurtu ebazan. Azkenean, pronostikoa bete eta Athleticek galdu egin eban indarrean dabilen Valentziaren aurka. Mestallan ikusitakoak, baina, itxaropenerako arrazoiak emoten deuskuz. Zigandaren taldea bizirik dago eta ez dau amore eman emaitza txarrak kateatu arren. Athletic zaleok aukera bi daukaguz: txistuka hasi San Mamesen etxeko jokalari batek huts txikiena egiten dauenean ala taldeari babesa eskeini orain arte erakutsitako ahuleziak konpondu eta gorantz egin dagian. Esan beharrik ez dago bigarren aukerearen alde nagoala.

Athleticek ez dau garaipenik eskuratu azken sei partiduetan eta lau bider galdu dau azken bostetan. Ia hilabete igaro da zuri-gorriek Girona menderatu ebenetik. Malagaren aurkako partiduko azken hogei minutuetan itsasontzi zuri-gorrian ura sartzen hasi zan. Zulo gehiegi egozan. Zulo horreek estaldu ezinik ibili ziran Ziganda eta enparauak Zoryaren aurkako norgehiagokan eta denboraldiko porrotik mingarriena jaso eben Katedralean, zale askoren txistu artean. Itsasontzia, hondoratzeko bidean zala iragarri eben askok, are gehiago kapitaina lesionatu egin zala ikusita. Zigandak zuzentzen dauen ontzia, baina, ez da hondoratu.

Athleticeko entrenatzaileak inork baino hobeto daki taldeak gauza asko dituela hobetzeko, defenditzeko orduan batez be. Zuri-gorriek ez eben galtzea merezi Mestallan. Aspaldiko partidurik onena egin arren, garesti ordaindu ebezan defentsan egindako hutsak. Edozelan be, zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan ziran partiduko tarte askotan -Valentzia hirugarren dago sailkapenean- eta jokalariek erakutsitako jarrerea bikaina izan zan. Jarrera horretan oinarrituta etorri behar da taldearen hobekun-tzea. Ligako zazpi jardunaldi jokatu ostean, sailkapeneko hamahirugarren postuan dago Athletic zortzi puntugaz, Celta, Getafe eta Espanyolegaz bardinduta. Jaisteko postuak puntu bira dagoz, bai, baina sailkapeneko zortzigarren postuan dagoan Reala be puntu bira dago. Kontuak kontu, taldearen egoerea ez da larria ligako sailkapenean. Esan beharrik ez dago, ostera, taldeak ezin dauela opariak egiten jarraitu, Malagan, Zoryaren aurka eta Mestallan egin dauen moduan. Athletici irabaztea ezin da izan hain erreza. Denboraldi hasierako partiduetan erakutsitako sendotasuna berreskuratu behar dau Zigandaren taldeak, eta lehenbailehen ganera. Hurrengo asteburuko atsedenaldia ederto etorriko jako Athletici. Alde batetik, astean partidu bi jokatzeak ez dau tarterik izten entrenamenduetan lan serioa egiteko eta Zigandak eta bere mutilek aste bi daukiez aurretik orain arte egindako akatsak konpontzeko. Beste alde batetik, jokalari bakoi-tzak hausnarketa sakona egin behar dau aurreko partiduetan egindakoaz. Norgehiagoka gogorrak datoz -Sevilla, Leganes, Bartzelona, Celta, Vilarreal- eta jokalariek aurrerapausu bat emon behar dabe datorrenari aurre egiteko.