Denboraldiko bederatzigarren partiduan iritsi da Kuko Zigandaren taldearen lehenengo porrota. Normalean, balorazinoak emaitzaren araberakoak izaten dira eta Athleticek galdu egin eban Gran Canaria estadioan. Beraz, analisia ezin da positiboa izan, taldea esku hutsik itzuli zan eta. Halanda be, aitortu behar da zuri-gorriak puntu bat urratzeko zorian egon zirala. Emaitzak ez leuke askorik aldatu behar Las Palmasen aurkako partiduaren ganeko balorazinoa. Aurreko partiduetan lez, Athleticek sendo jokatu eban atzealdean eta aurrealdean gauza handirik egin ez arren, partidua irabazteko aukerak euki ebazan. Zuri-gorriek hobetzen jarraitu behar dabe. Lasaitasunetik eta sendotasunetik, beti be.

Apostu ausarta bota eban Kuko Zigandak Gran Canaria estadioan. Entrenatzaileak goitik behera aldatu eban hamaikakoa eta zortzi aldaketa egin zituan Berlinen zelairatutako taldetik. Norgehiagoka hasi aurretik, kazetari bat baino gehiago ikaratuta agertu zan sare sozialetan, Zigandak zelairatutako hamaikakoagaz Las Palmasen irabaztea mirari bat izango zala esanez. Baleiteke aldaketa gehiegi izatea baina entrenatzaileak koherentziaz jokatzen dau. Denboraldi hasieratik iragarri eban lez, Zigandak ez dauz jokalariak erre gura eta plantila ia osoa erabiliko dau denboraldi amaierara fresko heldu daitezen.

Egia esateko, partidu hasierako ikara edo zalantza horreek bapeztuz joan ziran minutuak aurrera egin ahala. Izan be, zuri-gorriak sendo ari ziran zelaian eta Kepa Arrizabalaga atezainak ez eukan beharrik. Ganera, aurrealdean zorroztasun handiegirik erakutsi ez arren, Williams eta enparauek aukera bat baino gehiago euki eben markagailuan aurrera-tzeko. Aurreko partiduen antza eukan Gran Canariakoak.

Kuko Zigandak, partidua irabaztearen aldeko apostua bota eban bigarren zatian, norgehiagoka amaitzeko ordu erdiren faltan Aduriz eta Muniain zelairatu ebazanean. Ordura arte, aurretik prestatutako gidoia ondo bete zan zuri-gorrientzat, partidua kontrolpean eukien-eta. Plantilako gizon arrisku-tsuenak zelairatzeak, baina, ez eban gauza handirik aldatu taldearen erasoko jokoan. Benetako aldaketea, Las Palmasen erasoko jokoan gertatu zan, etxeko entrenatzaileak Vitolo kendu eta Remy zelairatu ebanean. Frantziarrak bizitu egin eban bere taldearen erasoko jokoa eta min egiten hasi zan ezker hegaletik. Zuri-gorriek ez eben asmatu zelairatu barria geratzeko orduan eta partidua amaitzeko hiru minuturen faltan Remyk Keparen atea zulatzea lortu eban jokaldi bikaina egin ostean. Zigor handiegia izan zan zuri-gorrientzat. Zigandaren taldeak ez eban partidu handia jokatu baina ez eban galtzea merezi. Bapeznako partidua zan Gran Canariakoa.

Zorionez, zuri-gorriek ez dabe denbora askorik izango buruari bueltak emoteko bihar bertan Atletico de Madriden aurka jokatuko dabelako San Mamesen Liga txapelketako partiduan. Orain arteko azterketarik gatxena izango da Zigandaren taldearentzat. Exijentzia mailak gorakada nabarmena eukiko dau, Dinamo, Panathinaikos, Getafe edo Gironaren aurkako partiduekaz alderatuta. Bihar ikusiko dogu zer emon leiken Athletic honek eta noraino heldu daiteken.

Ikusitakoaren arabera, hamaikakoa aurreratu geinke. Kepa egongo da atean, Lekue, Etxeita, Laporte eta Balentziaga atzealdean; Beñat eta San Jose euskarrian; Muniain, Raul Garcia eta Cordoba hiruko lerroan eta Aduriz aurrealdean.

Zorionik beroenak, Urdaibai, Santurtzi eta Portugaleteri, Eusko Label liga irabazi, mailaz igo eta mailari eustea lortu dabelako.