ERREALITATEA eta fikzioa guk uste baino nahasiago daude. Ukitu dezakegun bizitza hau eta ametsetan bizi duguna etengabe nahasten dira. Autobusean goaz, eta batek esango luke errealitatea autobuseko bidai fisiko hori dela, baina ez al dira guretzat bidai hori bezain errealak leihotik begira izaten ditugun ametsak?
Edo, ez al dira askotan bidaia bera baino errealagoak?
Eskolan ikasi genuen gure gorpu-tza urak, giharrek, hezurrek, gibelak, birikek, bihotzak? osatzen dutela, baina horiez gain gure ametsek, gure sentimenduek, gure kezkek, ardurek, erruek ere badute lekua gure gorputzean, fisikoa ala ez, gure gorputzeko beste atalak bezain errealak dira. Ukitu ezin badira ere, giltzurrun bat baino errealagoak bihurtu daitezke, gure bizitza guztiz baldintzatzen dutelako, gure barne bizitzaren gidari direlako, haiek gabe ez ginatekeelako gu izango.
Askotan errealagoa da guretzat egin nahi dugun hori, egiten duguna baino; errealagoa desiratzen dugun hori, bizi duguna baino. Horregatik esango nuke askotan gure errealitatea ez dela bakarrik egiten dugun hori edo lortzen dugun hori, batzuetan desiratzen duguna indartsuagoa izaten dela, errealagoa.
Kataluinako parlamentuko asteazkeneko eztabaidaren irudiek ondo erakutsi dute nahiak izan dezakeen indarra eta nola desioak askotan errealagoak diren ukitzen dugun errealitatea bera baino.
Ez badira amesten, ez badira desiratzen, zaila da ametsak errealitate bihurtzea.
Eta El segadors abestiak Parlamentuaren egoitzan izan zuen oihar-tzuna berezia izan zela ezin ukatu. Soinu haiek, ahots haiek, ametsari gorputz bat eman ziotela sentitu genezakeen: gihar eta hezurrezko gorputz bat, gorputz bat zeinean babestu, gorputz bat zeinetatik amesten jarraitu.