dAGOENEKO baliorik ez duen famili liburuan, jakin nahi ez dudan abizena izango du akaso Madrileko Alcobendas auzoko harrera etxe baten bizi den Izar hiru urteko umeak. Ez deritzat inondik ere, puñalez sastatu duen anker astakirten baten deitura eraman beharko duenik gaixo errugabeak. Harrera etxea deitzea ironiaz kargatutako adiera ematen du. Izarrek eta bere ama Sarak ba dutelako nor bere etxean eta besoetan hartu. Hori ez dutenentzako diseinatuak direlako ‘harrera etxe’ deitu horiek. Kartzela bat, ziega mozorrotu bat da Alcobendaseko etxebizitza hori. Eta hortxe egon behar. Jakina, amarekin bizitzea egokiena dela baina, besterik nahita ere ezin dute senitarteko denek nahi luketen ikastolara eramateko bizileku hartatik, amaren ondotik, atera. Zuzenbide Estatuak (izen honek ere ironia ematen du) horrela izatera behartzen duelako. Demagun hori ikutuezina dela baina, kasurako, Ezin du Estatu horrek Donostian alokatu harrera etxe bat? Hau ere ironiaz doa, noski. Kasu honen eta beste askoren zuzenbidea beste bat izan behar lukelako. Gorrotoa, herra, erdeinua besterik ezin zaio deitu holako kasuetan, zuzenbide ez ezik okerbidea den botere publiko horrek erabiltzen duena. Inolako malgutasunetik harago erabateko zurrun aritzen dira komeni zaienean. Ez naiz saiatu Sara kartzelan egoteko zein delitu egin duen jakiten. Dakidana da datorren urteko apirilean aske gelditzekoa dela, erakunde armatua erabat alde batera uzteko aitormena egin zuela. Egoera latz horretan -kartzelan- dagoela bere haur kutunari egin zioten erasoa jasan duela. Dakidana baita kartzelak, teorian, gizasemeak gizarteratzeko direla, ez zigor soila ezartzeko, hemen ere ironia darabiltela pentsarazi arren. Aspalditik dakit ETA edo inguruko presoek askatzean, bere herri edo etxe inguruan harrera alaiak egitea ez duela batere gogoko Zuzenbide Estatu horrek, omen hori kartzelan egoteari baino -hori zigor bat da- han egotearen delituari egiten zaiolako. Ez da, hau ere, Sararen kasua, are gutxiago Izarrena.