gURE gizarteari ez zaio suizidioaz hitz egitea gustatzen, salbuespen bakarrarekin: askotan herrialde eskandinaviarren suizidio kopuruaz hitz egitea gehigi gustatzen zaio, batez ere herrialde horiekiko bekaizkeria balizkoa kontrolatu ahal izateko. Suediarrek bezala bizi izan nahi duzue, baina, kontuz ongizate estatu garatuegiekin, han jende askok bere buruaz beste egiten du. Hemen suizidoez gutxi hitz egiten da, uste baita gaia aipatze hutsarekin batera suizidioak areagotuko liratekeela, eta estatistikak estali edo desitxuratu egiten dira.
Mundu osoan badago bere buruaz beste egiten duen jendea. Gaurkoan nekazari edo baserritarren suizidioez idatzi nahi dut: Indian nekazarien suizidio kopuruak beldurgarriak dira, baita Australiako nekazarienak ere, edo Frantziakoenak (iaz bi suizidio eguneko), Portugalgoak eta Estatu Batuetakoenak. Estatistiken zirrikituetatik jakin berri da Asturiaseko eta Galiziako abeltzainen suizidio kopuruak beste lanbideetan gertatzen direnak baino askoz handiagoak direla. Indian azken hogei urteotan 300.000 nekazari suizidatu dira, pestizida edatea omen da han biderik arruntena, eta badirudi suizidio horiek zerikusi zuzena dutela klima aldaketarekin. Europan badirudi banketxeetako mailegu garestiak daudela hilketa askoren atzean, abeltzainen artean batik-bat. Mailegu garestiak eta esne merkeak.
Jende gutxi arduratzen da nekazarien buru osasunaz eta, aitzitik, jende askorentzat bideo iraingarriak egiteko aukera ona da nekazarien bizimodua (udan bazebilen sare asozialetik emakume galiziar abeltzain bati eginiko bideo lotsagarri bat). Telebistetako umorezko programetan nekazari edo baserritar ezjakin, basati, kirten eta kaikuak ugariak dira. Euskaldunok, geure buruez oso iritzi ona daukagularik, uste dugu baserritar eta nekazariak primeran tratatzen ditugula, azken finean gure esentzien gordeleku egin genituen eta nekazariz mozorro-tzen gara edozein festatan, baina nahikoa da nekazariei hitza ematea egiaztatu ahal izateko fantasia gehiegi dugula. Nolakoak izango dira Euskal Herriko datuak?