malenkoniaz begira-tzen dugu inoiz atzerantz. Oroitzapen batzuk urrunegi daudela begitantzen zaigu. Beste dimentsio horretatik etortzen dira gure bizimodu pasiboa inarrostera. Behinolako kontuak, usainak, burmuinaren labirintoan grabaturik lotu diren eszena edota une bizigarriak, arratsalde atenporalak, leihotik ikusiriko euri-lanturuak, familiarekin igarotako eszenografia bereziko esperien-tziak, paseo hura, txori haiek, izara zuriak, afrontu indartsuak, telebistatik jaten genuen mundua, bertako pelikula harrigarriak, tristeak eta barregarriak, eta abar.
Nerabezaroan barre egiteko film haiek irensten nituen tai gabe. Gurasoek irakatsi zidaten ahoskatzen (modu irrigarrian) zeluloidean askotan agertzen ziren artisten izenak. Guztien artean barre gehien eragiten zidana Jerry Lewis aktorea zen. Duela egun batzuk zendu da. Horrelako pertsonaien etapa amaitzen denean zure bizitzaren aro bat ere amaitutzat hartu behar duzula ematen du. Tristura moduko zerbait sentiarazten dizute berri horiek, zerbait inoiz itzuliko ez den sentsazioarekin. Eta bere film haiek behin eta berriz ikusi arren, guztiz ezberdina izango da sentituko duguna. Ametsen eta ilusioaren imaginariuma sortu zuten aktore haiek, eta heriotzari aurre ezinik, pixkanaka hiltzen ari dira orain. Zer esatea nahi duzue, tristezia puntu bat du horrek guztiak, edota agian zahartzen ari gara geu ere, edota agian lehen barregarria zena, gaur egun ez da batere barregarria. Barreak, tristeziak eta beldurrak elkarrekin ibiltzen direlako beti.
Poltergeist edota The Texas Chain Saw Massacre egin zituen Tobe Hooper zuzendaria ere azken egunotan hil da. Beldurrezko zinemaren egile handietako bat zen.
Izua ematen zuten film haiek ez nituen gustuko, gaizki pasatzen nuen, irudimena mila kilometro orduko jartzen zitzaidan. Nahiago nuen barrea egitea. Baina arestian esan dudan moduan, beldurrak, barreak, eta tristeziak bizi-tza honetako osagaiak dira, eta batzuetan ezin dira banandu.