tRANTSIZIOAREN ondoko Espainiako Estatua kontsen-tsu estatua da. Denek iritzi bat eta bakarra izan behar dute, ez bakarrik estatuaren eite, antolakuntza eta itxurari buruz, baizik eta estatu horretako naziotasunak eragin beharko lukeen gozamenari buruz. Hartara, espainiar askok ez du ulertzen beste hainbat hiritar espainolek ez gozatzea Espainiarekin; ez eta espainartasunetik eurek bezainbeste gozamen ez zukutzea, edo beste nazionalitate batekin gozatzea. Elena Delgado ikerlariak ederki azterturik dauka hori dena La nación singular liburuan.
Espainiartasunaren gozamenari gozamen gehigarria eragiten zion terroristaren figurak zeina urteetan eta urteetan baskook bete izan baitugu. Terrorista baskoa izan da espainartasuna sendotu, indartu eta, neurri batean, basakeria primitiboaren moldea beterik, seduzitu duena.(Meritu exkaxa, zer esango dizuet!) .
ETAren terroristaren figura desagertu denetik, presoena bahituran dute beharrezkoa denean haizatzeko, Espainiako Estatua nazioaren gozamena gozaraziko dion “barruko” terrorista gabe gelditu da, izan ere, terrorista islamiarrak kanpotarregi dira eta Mendebaldeko Bizimoduari egiten diote eraso, eta ez bizimodu eta izate espainiarrari. Ranblako atentatuak terrorista kanpotikoegia eta espainartasunaren gozamena batera paratu ditu bi lerro paralelo balira bezala, non eta Bartzelonan, terroristaren figura bete ez baina espainiar naziotasunari gozarazten dion beste naziotasun nahi bat aurrez aurre paratzen zaiola.
Ondorioa: terroristek eta haien motibazioek eragin beharko lituzketen gogoetak egiteko erabili beharrean, Kataluniaren independentzia nahia espainartasunak izateko beharrezkoa duen gozamen gehigarri hori sortzeko erabiltzen ari dira. Estrategiak, ordea, arazo bat du, independentzia nahia duten katalanak ez dira terroristak eta horrek zaildu egiten du haien figura “kanpoan” ezartzea, espainiartasunaren gozamenari eutsiko dion kanpoko elementu gisa. Gil de Biedmaren bertsoa parafraseatuz: Oi terrorismoa! Dena entenditzen da orain.