Athletic etenbako hobetze prozesuan murgilduta dago. Izan be, Kuko Ziganda entrenatzaileak argi eta garbi dino hoberantz egiten ez dauenak txarrerantz egiten dauela. Zuri-gorriek hasiera bikaina emon deutsie 2017-2018 denboraldiari, emaitza onak lortuta Europa Leaguen zein Liga txapelketan. Zigandak eta bere lan taldeak bikain gainditu dauz urteko lehen azterketa biak. Bide luzearen hasierea baino ez bada be, entrenatzaileak anbizio handia erakusten dau eta baikor egoteko arrazoiak daukaguz.

Zigandak zuzendu dituen sei partidu ofizialetako zenbakiak oso esanguratsuak dira. Athleticek ez dau lehiarik galdu hondino eta lau garaipen eta bardinketa bi eskuratu ditu, Bucurestiko Dinamo, Panathinaikos, Getafe eta Eibarren aurka. Horregaz batera, zuri-gorriek bederatzi gol sartu ditue eta hiru bakarrik jaso, hirurak etxetik kanpo, Bucurestin eta Atenasen. San Mamesen jokatutako hiru partiduetan ez dabe golik jaso eta ligako lehen jardunaldi bietan Athleticen atea hutsean geratu da. Hori guztia gitxi balitz, Zigandak plantilako hogeita bat jokalari erabili ditu. Entrenatzaileak argi esan dau ez dauela jokalaririk erre gura, ondo heldu daitezen denboraldiko azken txanpara. Adibidez, apostu gogorra bota eban Eibarren aurkako partiduan ordezko ugari zelairatuta eta bete betean asmatu eban.

Albiste on asko ekarri deusku denboraldi hasierak. Hasteko, Unai Nuñez eta Iñigo Cordoba, Lezamako harrobian hasitako jokalariak lehen taldeak jokatzen ikustea pozgarria da oso. Atzelaria sendo agertu da Laporteren alboan eta erdilariak bizitasun handia emon deutso aspalditik hilda egoan ezker hegalari. Gazteen haize freskoa garrantzitsua bada, beteranoen ekarpena ezinbestekoa da aurten be. Gaitza da esaten noiz hasiko dan Adurizen gainbeherea, baina oraingoz behintzat indarrean dabil denboraldi hasiera-hasieratik eta hori albiste bikaina da Athleticentzat.

Iker Muniainena da denboraldi hasiera honetako izen propioetako bat. Entrenatzaileak esan dauen lez, oso konzentratuta eta gustura dabil lehen entrenamendutik. Txantreakoak taldeari emoten deutsona ez deutso beste inork emoten. Lerroen arteko jokoa, bertikaltasuna eta aurkariak gainditzeko gaitasuna. Ganera, golak sartzen be hasi da. Jokalariak berak esan dau, bere kirol ibilbideko unerik gozoenean dagoala. Holan segidu daiala.

Eta zer esango dogu Kepa Arrizabalagaren ganean. Partidu bi baino ez dauz jokatu denboraldi hasiera honetan -ligako biak- eta barriro be bere dohain bikainen barri emon deusku. Ondarrutarra goi mailako atezaina da eta Athleticek balorau egin behar dau. Ea lehenbailehen Keparen kontratu barri-tzearen albistea jasoten dogun. Guztion lasaitasunerako.

Athleticen denboraldi hasiera ona izan arren, garbi dago Kuko Zigandaren taldeak gauza asko dituela hobetzeko. Entrenatzaileak berak be aitortu dau orain arte ez dabela partidu biribilik egin. Europa Leaguen San Mamesen jokatutako partiduak izan dira orain arteko onenak. Sendo atzealdean eta zorrotz aurrealdean. Bucurestin eta Atenasen, ostera, taldeak minutu txarrak euki ebazan, defendi-tzeko orduan batez be. Getaferen aurkako partiduan, zuri-gorriak ezinean ibili ziran aurkariaren hesia gainditzeko, aurreko denboraldiko arazo bardinak erakutsita. Edozein azterketa egiteko orduan, ezin dogu ahaztu Athleticek etapa barri bati ekin deutsola Valverderen lau urteko aroa atzean itxi ostean. Ziganda eta bere lan taldea hasi baino ez da egin eta garbi dago bide onetik doala.