bARTZELONAKO adiskide batek, telefonoan, ongi daudela egiaztatzeko nire deiari erantzunez. Ongi daude zorionez, samina sortu zuen furgonetaren ondo-ondotik pasatu baziren ere. Ongi daude, baina barruak minberatuta jarraitzen dute. “Zer egin?” galdetu du telefonoaren beste aldean, baina nabarmen da bere buruarekin ari dela hizketan. “Kale horietara bertara bueltatu, Miroren behe-erliebeak berriro zapaldu, behin eta berriro bertara itzuli”. Eta deigarri egin zait bere erantzuna, bat-batean ohartu bainaiz Pablo Milanesek hitz berberak erabili zituela, Txileko Estatu Kolpea gomutan zuela, abesti gogoangarrian, eta sentimen berbera adierazten zutela abeslariak eta nire adiskideak: itxaropena.

Kalea guztiaren sinboloa, baita esangura digitalak nagusitzen ari diren garai honetan ere. Diktadoreek kalea berea direla esaten dute; matxinoek kaleak hartzera deitzen dute; haurrek kalean jokatzea eskatzen dute; herritarrek kaleak berreskuratu behar dela esaten dute; inkestek kaleak zer uste duen esaten digute; politikariek kalearen egiazko kezken jagoletzat aurkezten dute beren burua.

Kalea Rambla izan zen joan den astean. Albo bietan loreak saltzen dituzten postuak eta kioskoak; loreak eta prentsa. Eta erdian, Miroren behe-erliebea, biribil eta koloretsua. Katalanez “trecandís” (azulejo zatiki xehetuak edo) esaten zaio mosaikoa lantzeko teknika horri. Zeramika zati guztiak desberdinak dira, formaz, kolorez eta distiraz, eta desberdintasunaren aldarria da irudi hori, aniztasunaren aldekoa, odolez zipriztinduta geratu dena.

“Zer egin?” dio berriro nire adiskideak telefonoa eskegi baino lehen. Kale horietara bueltatu beharra dago, eta Londres eta Berlinekoetara, eta baita Nigerrera eta Alepora, sufrimenduaren eszenatokiak asko eta askotarikoak direlako. Han eta hemen kaleak hustuz, kale horiek ostu egin nahi dizkigulako izuak. Horregatik itzuli behar gara aniztasunaren kaleetara, ezintasunaren bidegurutzeetatik aurrera kale itsuak baino ez daudelako.