Athleticek ezin izan deutso hasiera ona emon denboraldi barriari. Zuri-gorriek gorputz eta arima ipini eben San Mamesen ikasturteko lehen hiru puntuak eskuratzeko baina ezin izan eben gainditu Getafek ipinitako hormea. Egia esateko, ez da kontu barria Athleticek arazoak izatea Katedralean sailkapeneko beheko aldean egongo diran taldeen aurka irabazteko. Edozelan be, Kuko Zigandaren taldeak baliabide gitxi erakutsi ebazan aurkariaren planteamenduari aurre egiteko eta, ganera, ez ebazan gauzatu eukitako gol aukera urriak. Emaitzea alde batera itzita, zuri-gorriek badaukie zer hobetu jokoari jagokonez.

Puntu bi galdu ebazan Athleticek liga txapelketako lehenengo jardunaldian. Izan be, Getafelako talde baten aurkako partidua irabazi beharrekoa dalako San Mamesen jokatuta. Esan beharra dago, Bordalasek zuzendutako taldeak lan serioa egin ebala defenditzeko orduan eta zuri-gorriak ez ziran eroso egon partidu osoan, Kuko Zigandak lehia amaitu osteko prentsaurrekoan esan eban lez. Faktore ugari dagoz Athleticen ezina ulertzeko. Alde batetik, freskotasun faltea. Lehoiek Atenasen jokatu eben eguenean eta ez dabe errekuperatzeko asti askorik izan. Igarri egin zan ligako lehen partiduan, bigarren zatian batez be. Edozelan be, ezin da aitzaki moduan hartu. Athleticek Europan jokatu gura dau urtero eta denboraldi baten hiru lehiaketetan parte hartzeak exijentzia maila handia dakar fisiko aldetik.

Zigandak aldaketa batzuk sartu ebazan hamaikakoan, Europa Leagueko partiduan zelairatutako hamaikakotik. Mikel San Jose zelairatu eban zelai erdian Beñat Etxebarriaren alboan eta aitortu behar dot aldaketa horrek taldearen jokoan eragin positiboa eukiko ebala pentsau nebala. Zoritxarrez, Athleticen erdialdea ez zan fin ibili Getaferen giza hesi sendoa gainditzeko orduan. Ander Iturrasperen errekuperazinoa azken txanpan sartuta dago eta jokalari egokia da taldearen jokoa aberasteko zelai erditik.

Beste alde batetik, Zigandak garbi dauka ezin dauela Aduriz erabili denboraldiko partidu guztietan eta ordezkoen aulkian itxi eban Getaferen aurka. Williamsek bete eban donostiarraren lekua eta bereak izan ziran partiduko gol aukera garbienak. Ate aurrean, baina, ez eban asmatu. Valverdek ez eutsan ia atsedenik emoten Adurizi. Zigandak, barriz, hasieratik ekin deutso transizioari, Williamsen aldeko apostu garbia eginda. Ez da erreza izango donostiarraren lekua betetzea.

Unai Nuñez eta Iñigo Cordobaren eskutik etorri zan jardunaldiko albiste pozgarriena, Lezamako harrobian hasitako jokalari bi honeek lehen taldeagaz jokatu ebelako estrainekoz. Nuñez zentralak partidu serioa egin eban atzealdean. Cordobak azken minutuak bakarrik jokatu ebazan baina jokaldi pare baten garbi erakutsi eban jokalari interesgarria dala. Athleticek ezin dau jarraitu ezker hegal barik jokatzen. Erasora begira, zuri-gorriek erditik edo eskumatik jokatzen dabe bakarrik. Izan be, Muniainek erdirantz egiten dau baloia hartzen dauen bakoitzean eta Balenziagaren ekarpena hutsaren hurrengoa da erasoan. Urteak daroaz herren Athleticek ezker hegaletik eta Iñigo Cordobalako jokalari bat eukita plantilan, ausart izateko ordua heldu da.

Etziko partidura begiratuta, Athleticek ez leuke arazorik izan behar multzoen faserako txartela eskuratzeko. Azkenik, zorionik beroenak Europako 19 urtez azpiko emakumezkoen txapelketea irabazi daben Athleticeko jokalariei.