Denboraldi hasiera gogorra eukiko dau Kuko Zigandaren taldeak. Athleticek lau partidu jokatuko ditu hamar egunetan eta laurak be oso garrantzitsuak. Panathinaikosen aurkako kanporaketako norgehiagoka biak alde batetik eta Liga txapelketako lehenengo jardunaldi biak bestetik, Getaferen aurka San Mamesen eta Eibarren aurka Ipuruan. Europa Leagueko lehiak garran- tzi berezia dauka klubarentzat, Panathinaikos kanporatuz gero, multzoen fasean sartu eta beste sei partidu jokatuko leukezalako. Horregaz batera, ligako lehen partidu biek inoiz baino garran- tzi handiagoa daukie taldearen- tzat. Entrenatzaile barriak hartu dau taldearen ardurea eta lehen jardunaldi bietan emaitza onak lortzea haren inguruan egon daitekezan zalantzak uxatuko leukez.
Europa Leagueko bigarren aurrekanporaketako joaneko partidua jokatuko dau Athleticek bihar Atenasen. Azterketa gogorra izango da ezelako zalantza barik. Zuri-gorriek badakie zer aurkituko daben Panathinaikosen zelaian. Kuko Zigandaren gizonek aurkako giro beroa eukiko dabe partidu osoan. Antzeko zeozer euki eben Bucurestin baina Atenasen biderkatu egingo da etxeko taldearen aldeko giro beroa. Harmailetako berotasun horreri, zelaian egongo dan tenperatura altua gehitu behar deutsagu. Ez dira aitzakia lez hartu behar baina ezin da ukatu Athleticek baldintza gogorrak aurkituko dauzala Atenaseko partiduan.
Aurkariari jagokonez, zuri-gorriek ez eben zorte handirik izan, Panathinaikos talderik gogorrena zan-eta Athleticen balizko aurkarien artean. Edozelan be, talde greziarra ez egoan zerrenda-buruen artean eta horrek erakusten dau ez dala goi mailako taldea. Kontuak kontu, ez da kanporaketa erreza izango zuri-gorrientzat baina faboritoak dira eta ezustekorik ezean aurrera egin beharko leukie Europa Leaguen. Ezustekorik ezean dinot ze Athletic kanporatuta geratzea aurrekanporaketa honetan sekulako ezustekoa eta porrot ikaragarria izango litzatekeelako.
Entrenatzaileek beti esaten dabe partidu bira jokatzen diran kanporaketetan lehenengo norgehiagokan inoiz ez dala ahaztu behar beste partidu bat geratzen dala jokatzeko. Athleticek ederto kudeatu eban lehen kanporaketea. Emaitza ona lortu joaneko partiduan eta San Mamesen eskuratu hurrengo faserako txartela. Panathinaikosen aurka garbi dago Atenasen jokatuko dan partidua oso garrantzitsua izango dala. Oztopo guztien ganetik, Athleticek sendotasuna erakutsi behar dau Grezian. Zigandaren taldea aurkaria baino gehiago da eta erakutsi egin behar dau zelaian, une latzak igaroko dituela jakin arren. Argiak eta ilunak erakutsi ebazan talde zuri-gorriak Bucurestin. Gauza normala, denboraldiko lehen partidu ofiziala zala kontutan izanda. Atenasen argitasuna nagusitu behar da zaleriaren bultzadeagaz jokatuko dauen taldearen aurka. Etziko partidua garrantzitsua izango bada, itzulerako San Mamesen erabakigarria izango da. Zigandaren taldeak sendotasun handia erakutsi eban lehen kanporaketan Katedralean jokatutako lehian. Beraz, multzoen faserako lehen urratsa Atenasen emon behar dabe zuri-gorriek etzi.
Lau partidu hamar egunetan jokatuta, Zigandak aldaketak egin beharko ditu hasierako hamaikakoan. Ez dot uste aldaketa horreek Atenaseko partiduan egingo dituenik. Entrenatzaileak badaki zein garrantzitsua dan multzoen fasearako sailkatzea eta hamaikakorik indartsuena zelairatuko dau Panathinaikosen aurka.