Síguenos en redes sociales:

Argazkiak

Argazkiak

DILMA Rousseffi kargua uztarazi eta gobernu berria osatu zenean aurrez paraturiko bi argazki ailegatu zitzaizkidan; batean Rousseffen gobernuaren argazkia ageri zen: andre asko, zuriaz bestelako arrazetako jendea, adin guztietakoak, gazteak barne; bestean, gobernu berriarena: gizon zuriak denak, zahar samarrak, bankero eta enpresari aurpegiak. Eta, berehalako sumoa, jakina inongo datu objektiboetan ez oinarritua, baina geroak frogaturikoa, demokrazia eta ustelkeria aitzakia (Temer gobernu presidentea ustelkeri delituez akusaturik dago eta epaiketara joan beharko du) hura berriz ere eliteen aldeko gobernua ezartzeko ahalegina zela.

Niri Chavez ez zitzaidan gustatzen, aberri erretorika gehiegi, triunfalismo gehiegi eta arkeria gehiegi, baina nire aurreiritzien gainetik onartu beharra dut haren gobernuak ahalegina egin zuela beheko klaseko jendearen bizi baldintzak hobetzeko: langabezia tasak behera egin zuen, aberastasunaren banaketak berdintasunera jo zuen, osasun sistema pobreenganaino heldu zen, alfabetatze tasak gora egin zuen eta bozkatzeko beharrezkoa den erregistratze tasak ere bai, hainbeste, eliteek petrolioaren ekoizte greba eraman zutela aurrera, Chavesen politika “sozialistaren” kontra.

Kontua da Chavesen gobernuan bertan, eta Maduroren kopia kaskarrean, ustelkeria, nepotismoa, lagunkoikeria, eraginkortasun ezak gora egin duela; lehen Venezuelan dirua erruz sartzen zen garaietan hori estalita gelditzen zen baina orain petrolioaren prezioen gainbeherarekin hori dena asko nabari da: elite chavista baten sorrera, ustelkeria galanta, hiperinflakzioa... nolabait Chavesen gobernuarekin lortutako aurrerakuntzak desagertzen ari dira. Eta badirudi Maduroren gobernuaren helburua jada ez dela jendearen bizi baldintzak hobetzea, baizik eta bere burua iraunaraztea.

Bitartean oposizioak, petrolioaren greba politikoa antolatu zuen hura, soken kontra dauka Gobernua “demokrazia eta askatasuna” eskatuz. Zer askatasun? Zein demokrazia? Egungo Brasilgo gobernuaren argazkiaren hura?