SeXU erasoak gau eta egun, eta ez udako sasoian soilik. Nazkatuta gaude. Lotsagarria da pentsatzea gizon batek nahi duenean, eta nahi duelako erasoa egin ahal duela herriko jaiak direlako eta erdi mozkortuta, txolinduta dagoelako. Gaur egun, jai-giroan, horrelako erasoak entzuten ohitu gara. Lehen holakorik ez zen plazaratzen, eta seguruenik, tamalez, gaur baino askoz gehiagotan izaten ziren halako ekin-tza bortitzak; kontua da ez zirela sala-tzen. Sanferminetan beti gertatzen dira, aglomerazio handiko espazioetan batez ere, eta adibideak baditugu: bertako jaietako azken egunean adingabe batek bortxaketa sufritu zuela salatu zuen. Duela gutxi ere, Zorno-tzako jaietako hasieran neska adingabe batek sexu erasoa nozitu zuela salatu zuen, eta abar. Baina gaur egun edozein herritako jaietan, salaketak jartzen dira gauetik goizera, eta hori ikaragarria da.
Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaria Miren Elgarrestak bere nahigabea adierazi zuen elkarrizketa batean, ekintza arbuiagarri horietako erasotzaileetarik ehuneko herenak hogeita hamar urte baino gutxiago dituela deitoratuz. Eta bai, zioen moduan, “demoledorea da hori jakitea”. Berak dioenez gizarte honetako arazo sistemiko horren kontra, formazioaren, ikerketaren, prebentzioaren eta atentzioaren bidez borrokatu behar da, eta arrazoi osoa du. Horretaz gain, karrikaratzeak eta protestak egin behar dira, sentsibilizazioak aurrera egin dezan, jaietan (eta edonon) gozatzeko eskubidea denona baita, horretarako libreak baikara.
Munduko beste bazterretan ordea, ez dabiltza hemen bezain ondo. Herri askotan emakumearen zapalkuntza maila beldurgarrian dago. Harrituta irakurri dut duela gutxi, El Salvadorreko emakume bati 30 urteko espetxe zigorra ezarri ziotela, bortxatua izan ostean abortatzeko deliberoa hartu zuelako. Behin eta berrio derrigorrean bortxatua izan zen, eta erruduna bera da? Kartzelaratua bera? Eta ez bortxatu duen putakumea? Gizakiaren inkongruentziak ez du mugarik.