Soka dantza
UDAKO Euskal Unibersitatea hainbat euskaldunek ikasturtean zehar itxaroten dutena izatez gain, edozein jatorriko ehunka kanpotar ezagutzeko ta haiekin elkar bizitzeko aukera behinena dela esango nuke. Horrela aurkeztuz, etxe eta kanpokoentzat opor gune bat dela dirudi. Ez bada. Ekainetik urrirarte milaka gai aztertu, azaldu eta ikasten diren neurri berean, urritik hurrengo ekainerarte gai horiek mamitzen ari delako jakintsu talde bat. Urteoro gauza bera edo antzekoa jazotzen zait, dena edo askoz jabetzea zaila denez bitxikeriaren bat edo ba-tzuekin geratzen naiz eta horrela, aurtengoan, Kulturaren Trasmisioaren haritik tiraka ibili direnei esker jakin dut, besteak beste, XX. mende aurretik, hain ezaguna egiten zaigun aurreskua eta beste hainbat herri dantza neskak zein mutilak dantza-tzen zutela neurri beretsuan. Aipatu XX. mende osoan dantzan egin dugunoi eta ingurukoei ez zaigu burutik pasatu ere horrela izan behar zuenik. Aurrekoek irakatsi, guk ikasi eta guk hurrengoei, Aurrera bolie!
Kasik XXI. mendean sartzeko geundela, euskal dantza talde moderno ba-tzuei esker ikusi ahal izan ditugu neskak zortzioarekin hanka jasotzen eta mutilak arku, sagar edo zinta dan-tza egiten. Gure herrian zori espeziala izan dugu, Unibertsitateko Errektore ohiak zintzo bezain txukun zuzentzen duen talde batek begi aurrean jarri dizkigulako berritasun horiek ezagu-tzeko aukera. Agian bertokoak zirelako, ez dut inor nabarmenki harritzen ikusi, natural hartu dela dirudi. “Aurreak erakusten atzea nola dantzatu” dio aspaldiko atsotitzak. Oso aurrera joanez sustraia arkitu dutela dirudi. Aurre eta atze kokapen horretan Oteiza aipatu nahia datorkit gogora. Hutsa-ren teoriatik harago, Jurgik behin eta berriro jotzen zuen sustraietara edota bizkarrera begira zurt egotera. Adibide edarra erabili zuen gure artean muinerarte txertatua dagoen kirol batekin. Izan ere traineruko arraunlariak atzera begira doaz, aurrera hobeto egiteko. Dantzara bueltatuz, Soka Dantza da Aurreskua eta Atzeskua zeremoniotsu egiten dena. Behin neska, behin mutila, berdin dio.