Manipulazio egunkarietan
Pasa den asteleheneko egunkari espainiar gehienen lehen orrialdeak aztertuz hilabete osoa eman ahal dute irakasle-ikasleek edozein kazetaritza fakultatetan, azterketa horiek oraindik egiten badituzte behintzat; antzeko bi albiste, Venezuelan egin den galdeketa, erreferenduma edo kontsulta eta Katalunian egin beharrekoa ondo-ondoan jarriak, disimulurik gabe, ongiaren eta gaizkiaren pertsonifikazio ezin zehatzagoak ziren egunkarietan: Venezuelakoa ongia zen, gauza aingeruzko bat, herriaren ahotsa, demokraziaren aldeko borroka, oposizioaren amodio desinteresatua; Kataluniakoa, atzitik, gaizkia zen, deabrua bera, herria engainatzeko ahalegin ziztrina, ezlegala eta lekuz kanpokoa. Badakit Venezuela ez dela Katalunia (eta Uruguay ez dela Eskozia, bide batez, eta segi dezaket), bi herrialde horietan dauden prozesu politikoek ez dutela zerikusirik, baina egunkariei ñabardura nekagarri horiek oztopo irudituko zitzaizken, kontresanak txikikeria, manipulazio nabarmenak kazetaritza moderno. Lehen orrialde horiek diseinatu eta idatzi dituztenek esango dute ni naizela orain albisteak testuinguruetatik ateratzen ari naizena, baina Venezuelaz eta Kataluniaz apurtxo bat soilik dakienari ez zaio egunkarietako jokaldia arraroegi irudituko. Ohituta gaude. Ohituegiak. Pablo Casado politikari popularrak orain dela gutxi Venezuela, ETA, Podemos eta Katalunia nahasi zituen inolako konplexurik gabe esaldi labur batean. Jihadismoa falta zen, nire harridurarako. Berdin dio, Pablo Casadok politikari moderno eta moderatuaren itxura gordeko du, udako ikastaro horietako batean hurrengo ergelkeria esateko bere burua prestatzen duen bitartean.
Ohituta gaude. Ohituegiak. Kataluniaz hitz egiten dutenean, egunkari eta politikari gehienek hitz berberak errepika-tzen dituzte behin eta berriro, eta hitz ez-neutro asko hain ohiko eta arrunt bilakatu dira, ezen inolako arazorik gabe irensten baititugu eta gure garunetan txertatzen. Nik erabaki dut Kataluniari buruzko edozein artikulu edo kronikatan “desafio” hitza agertzen den unetik beretik bertan bera utziko diodala irakurtzeari.