aurreko astean VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emai-tzak eman dira jakitera eta, horrekin batera, euskararen kale erabilerarenak. Emaitzak kezkagarritzat jo dira baina ez harrigarritzat. Zergatik? Aurreko neurketetan jasotako datuek erakusten zuten joerarekin jarraitzen dugulako.
Oso era laburrean eta zakar esanda, bi datu: euskara dakigunon kopurua igo egin da baina euskararen erabileran atzera egin dugu. Kontuan har-tzeko gertakari batzuk? Euskara gehien umeek egiten dute baina euskara ikasi duten gehienak erdaldun elebidunak dira. Hau da, euskara jakin arren, areago egiten dute gaztelaniaz. Bestetik, nagusiek umeei euskaraz egiten diete baina euren artean gaztelaniaz aritzen dira. Umeek ere, bestalde, beraien artean gaztelaniaz aritzeko joera dute. Eremu erdaldunetan euskaradunek euskaraz aritzeko zailtasunak dituzte baina eremu euskaldunetan ere erabilerak beheraka egin du. Beraz, zer ondorioztatzen dugu hemendik? Historiako euskaldun kopururik handienera iritsi arren, euskara dakigun guztiok euskara erabiltzeko beharko genituzkeen baldintzak eskura ez izatean, erabileran ez garela ari “kalea” irabazten.
Garai batean, ikastetxeetan D eredua ezartzearen aldeko apustua egin zen bezalaxe, momentu honetan, apustuak beste hauek lirateke: administrazioa eta zerbitzuak, lan-mundua eta kirola. Euskararenak izango diren esparruak irabazi beharrean gaude. Gutxienekoak bermatu. Eta zerbitzua eskaintzen duten pertsonen erabilera aktibatu. Zenbat aldiz gertatu zaigu, dela administrazioan, dela zerbitzuetan, gaztelaniaz zuzentzen zaigun pertsonak euskaraz badakiela konturatzea?
Aste honen hondarrean, Donostiako Miramar Jauregian “Euskararen erabilera: egoera, bilakaera eta norabidea, datuen argitan” izeneko ikastaroak izango du leku. Bertan jasoko ditugu datuon gaineko interpretazioak eta adituek proposatzen dituzten lan-lerro berriak. Bejondaigula!