KAKA esplikatzea deitu ahal zaio, edo aingeruen sexuari buruz aritzea baina erabat konbentziturik nago “izpiritua” esaten zaion zera aratzak horrek ere kausa sozioekonomikoak dituela, besteak beste. Ez dago ezer horretatik kanpo, dena dago horren baitan. Judith Butlerrek generoaren ezaugarri eraikiak, alegia, sozioekonomikoak azaleratu zituenean, kontrakotasun handiak aurkitu zituen; baina zer pentsatuko zenukete ez bakarrik generoak baizik eta garunaren menpe zuzen-zuzenean dauden ezaugarri horiek ere erro sozioekonomikoak dituztela aurkitu dutela esango banizue?

Kimberley Noble neurozientzialaria aspaldi hasi zen erresonantzia magnetikoa erabiltzen garuna eta baldintza ekonomikoen arteko elkar-eragina aztertzen; eta emaitzak harrigarriak egin zitzaizkion: pobre hazteak garunaren garapena eten dezake. AEBtako gobernu federalak ezarritako pobrezia mugatik behera dauden umeek %10-8 materia gris txikiagoa dute muga horretatik gora dauden umeak baino eta emaitza txarragoak atera dituzte bai hizkun-tza- bai matematika-testetan.

Ez hori bakarrik, muga horretatik goraxeago hazitako umeen emaitzak beheraxeago daudenenak baino askoz hobeak izan dira; areago, pobrezia muga hori gainditzeko hainbat familiari emandako diru laguntzak hobetu egin du seme-alaba horien garun garapena.

Pobrezia eta garunaren garapen eskasagoaren arteko korrelazio handiak bai baina ez erabatekoak direnez, bost urtetako ikerketa abiarazi dute kausalitatea ezarri ahal izateko, baina lepo eginen nuke korrelazioak konfirmatu egingo direla. Eta horrela erabat hutsaldurik geldituko dira “dena zure esku dago” moduko filosofia merke horiek, hala nola AEB aukera berdintasunen herrialdea delako matraka hori zeina zuritzeko askotan zientziaren arlorik zorrotzena erabiltzen baita, fisika kuantikoa, alegia, argia materia edo uhin izan daitekeelako kontu horrekin.

Ni konbentziturik nago izpiritua bera baldintza sozioekonomikoen menpe dagoela, batez ere ez dagoelako izpiriturik fisikotasunik gabe. Ez gaitzatela engaina!