San Ferm... zer?
EZ al dira festa hauek zaharregiak? Ezin al dira gaur egunera egokitu? Hauexek izan dira gaur goizeko entzierroa telebistaz ikusterakoan etxeko gazteenaren ahotik ateratakoak. Eta zer pentsatua eman didate. Ez dut sekula pentsatu jai batzuk zaharregiak izan daitezkeenik baina sentitu bai, ostera, giro edota ideia zaharkituak zabaltzen dituztela. San Ferminetaz ari naiz.
Mundu zabalean ezagunak. Brasileko inauteriak baino ezagunagoak omen dira. Publizistek eta bidaia-agentziek sinetsarazi nahi digutena izango da, akaso, baina halaxe jakinarazi digute. Eta urtetik urtera gero eta zabalagoa den informazio estaldurari esker ikusten dugu munduak Iruñeaz duen irudia: festa, festa eta festa, zeinetan, DENA den posible. Eta nahiz eta bortxaketen eta gehiegikerien kontrako manifestuak, manifestapenak eta polizia indarra jarri, festek izena hartu dute jada eta horrek ez du buelta erraza.
Finlandian, bortxaketa kasuak jazo dira musika jaialdi erraldoi batean. Erabakia: datorren urtean aipatu musika jaialdi hori ez antolatzea. Arrazoia: nahiz eta jaialdiaren antolatzailea pribatua izan, herri edo udal gobernu batek ezin duela onartu jai horretan parte hartuko duten guztien segurtasuna bermatuko ez duen ekimenik.
Eta gurean? Bai bortxaketa eta abusuen kasuan, bai entzierroan korrika egiten duten (batez ere) barrabildunenetan, zein berme dugu jaiegun horietan ez dela zauriturik egongo?
Loterian jokatzea bezalakoa da Iruñeara joatea: bai gaua pasatzera, zein entzierroan parte hartzera. Jokatuko al genuke, gaur egun, errusiar erruletara? Berdintsua iruditzen zait.
Antzarrekin aspaldi egin zen kostaldeko herrietan hautua. Plastikozkoak jartzen dira benetakoen ordez eta, egia da, ez da gauza bera. Baina gu ere ez gara lehenagokoak. Eta jaiek jai izaten jarraitzen dute. Denok nahi dugu etxera sano eta salbu bueltatu gaitezen ziurtatu diezaguten.