ARENAS, Rato, Acebes eta Mayor Oreja urrun daude Marcel Proustek oroimena berreskuratzeko egiten zituen ahaleginetatik, horiena amnesia hutsa da, jaso zituzten ala ez zituzten diruen kontuez galdetzen dietenean behin-tzat. Nik ez nuke oroimenarekin gehiegi jolastuko: ez naiz sineskeriatsua, baina, batek daki, naturak, patuak edo karmak mendekua har dezakete zahartzaroan, oroimena dela-eta gezurretan (ustez gezurretan) ibiltzeagatik.

Lau jaun horien artean Mayor Oreja izan da nire interesa (esateko modua, besterik ez) sortu duena, beharbada lehendakaria izateko nahia izan zuelako aspaldian. Arretaz entzun dut, eta liluraturik, abokatu batek egin dion galdeketa: Mayor Oreja erantzuten du ez dakiela ezer, ez berari ustez eman zioten diruaz, ez haren bitartez Basta Ya erakundeari ustez eman ziotenaz, jakina. Liluratu nau Mayor Orejaren lasaitasuna, erabateko patxada, eran-tzunak ematean ahotsean nabari zaizkion laineza edo egonarri arinki nahigabetua, ukitu urruti, adeitsu eta hotz bat, besterik ez, ume astun baten edo zerbitzari trakets baten aurrean egongo balitz bezala, etxean belaunaldiz belaunaldi ur beroa izan dutenen ziurtasunaz jantzia; azken erantzunean, beste abokatu baten protesta eta gero, ahots doinua aldatu egiten du, eta “no lo sé, no me consta, lo desconozco” esaten du letania moduan silaba azentodunetan eta “no” guztietan indar apurtxo bat eginez eta geldiuneak luzatuz, osagai agian lausoki burlati batez. Edo ez hain lausoa, lehen aldiz ikustean berehala bururatu baitzitzaidan senarra-arduratzen-zen-horretaz segida etorriko zela ezinbestean, harik eta, liluramendutik bat-batean aterata, konturatu nintzen arte ezinezkoa zela hori, Mayor Orejak ez duela senarrik izango.

Bideoa askotan ikusi dudala argi dago, nire asmoa Mayor Oreja imitatzea baita. Lantokian ditugun bilera desatsegin horietako batean burutuko dut imitazioa: adeitsu baina hotz, serio baina ez haserre, ziur baina ez harro, ez-dakit-ez-dut-gogoan-ez-naiz-oroi-tzen bat botako dut euskaraz edo gaztelaniaz. Ez dakit senarrarena sartuko dudan.