ASKATASUNAZ hitz egin dit lagun batek, eta nik neure buruari galdetu diot zeri dei-tzen diogun askatasuna. Loturarik ez izateari? Katerik ez sentitzeari? Bide eta aukera guztiak irekita izateari? Bat batean, erreka baten irudia etorri zait burura. Imajinatu ezazue zuek ere erreka bat. Ur asko dakarren erreka bat. Indarrez dator ura. Imajinatu erreka horretara panpina bat bota dugula. Korrontearen indarrak berarekin eramango du panpina segundo gutxitan. Han doa, uraren bits artean. Imajinatu ezazue orain beste panpina bat botatzen dugula uretara, baina oraingoan lurrera lotutako soka batetik helduta. Panpina busti egingo da, panpina hara eta hona mugituko da korrontearen eraginez, baina sokari esker, korronteak ez du berarekin eramango. Eta nire galdera da: Zein da libreagoa? Sokarik gabe korronteak eraman duen panpina, ala sokari esker korrontearen indarrari aurre egin diona, eta bere lekua mantendu duena?

Gure gizartean korronte indartsu asko daude. Panpinaren moduan hara eta hona eramaten gaituzten korronteak daude, inertzia handi batzuk: indibidualismoaren korrontea, kontsumismoarena, globalizazioarena, ezjakintasunarena, botere harremanena, berdintasun ezarena, denek bide beretik joatea agintzen digun korronteak sortzen duena? Nire ustez libre izatea, benetan libre izatea, inertzia indartsu horiei aurre egiteko ahalmena izatea da. Azken finean, soka bat edukitzea zeinetara heldu. Korronteak irentsiak izan nahi ez badugu, heldulekuak behar ditugu. Eta leku horietako bat dudarik gabe jakintza da, ezagutza, kultura. Batzuetan errazagoa da korrontearen mesedetara joaten uztea, baina bizirik dagoen gizarte batek, bizirik dagoen herri batek edo pertsona batek, heldulekuak behar ditu korrontearen mesetan ez galtzeko. Sokaren irudia beti lotzen da askatasun faltarekin, baina mendia eskala-tzeko sokak behar diren moduan, geuk ere sokak behar ditugu mendi gailurretik dena argiago ikusteko. Eta zuhaitzek bezala, lurrera lotzen gaituzten erroak behar ditugu baita ere hazten jarraitzeko. Kontuz, beraz, sokarik gabeko itxurazko askatasun batzuekin.