Hamabi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athletic bizirik dago erregulartasunaren lehiaketan. Europako Ligatik kanpo geratu izana kolpe gogorra izan bazan be, Ernesto Valverderen taldea ez da hondoratu eta ondo erreakzionatu dau hurrengo partiduetan. Zuri-gorriek euren eskuetan daukie denboraldiari amaiera ona emotea. Ate guztiak zabalik ditue eta barriro be Europarako txartela eskuratzeko aukera hortxe bertan dago. Ganera, 41 puntu eskuratuta, -bateren batek barre egingo dau- pozik egon behar gara Athleticek lehen mailan jokatuko dauelako barriro be hurrengo denboraldian. Edozeinek ezin dau hori esan.
Athletic olatu artean dabil denboraldi guztian. Etxetik kanpoko partiduetan olatuaren azpian dago erdi itota burua urpetik atara ezinik. San Mamesen, ostera, sendotasun ikaragarria erakusten dabilz zuri-gorriak. Malagaren aurkako partidua irabazi beharrekoa zan, aurreko jardunaldian Sanchez Pizjuanen etxetik kanpoko partidurik onena jokatu eta galdu ostean. Valverderen taldeak ez eban huts egin eta hiru puntuak Bilbon geratu ziran. Ez eban, ez, partidu ona jokatu talde zuri-gorriak baina barriro be euren ekinak saria jaso eban.
Athleticek arazo itzelak ditu aurkariaren atea zulatzeko, batez be Aritz Aduriz zelaian ez dagoanean. Normala da. Entrenatzaileak ez dauka aukera handiegirik donostiarraren hutsunea beteteko, besteak beste Sabin Merino be lesionaturik dagoalako. Ezin jako ezer kendu Iñaki Williamsi zelaian gorputz eta arima ipinten ditu-eta. Hori bai, Malagaren aurkako partiduan be garbi geratu zan gusturago jokatzen dauela hegaletik erditik baino.
Zelai erdiari jagokonez, Valverdek barriro erakutsi dau ez daukala konfiantzarik Ander Iturrasperengan eta Beñat eta Mikel San Jose ikutuezinak dirala. Urteari hasiera bikaina emon ostean, Iturraspek huts egin eban Mestallan Valentziaren lehen golaren jokaldian eta garesti ordaintzen dabil huts hori. Beñatek ezin izan eban amaitu Sevillaren aurkako partidua kolpe bat jaso ebalako. Nekatuta eta ikututa egon arren be, entrenatzaileak gurago izan eban arratiarra zelairatzea Abadiñokoa baino. Valverdek bere arrazoiak eukiko dauz baina gauza batzuk ez dira oso ondo ulertzen. Txanponaren beste aldean, pozgarria da Susaeta barriro hasieratik jokatzen ikustea eta bere maila onena emoten. Horregaz batera, Iñigo Lekue gero eta minutu gehiago jokaten dabil eta gero eta gehiago emoten deutso taldearen jokoari, erasokoari batez be.
Hogeita hamairu puntu eskuratu dauz Athleticek San Mamesen aurtengo denboraldian, Real Madrid, sailkapeneko liderrak beste. Zuri-gorriek gotorleku bilakatu dabe Katedrala baina bide horretan ez dabe zaleen laguntza handirik izan. Ez dakit bazkideak aspertzen hasita dagozan Valverderen taldearen jokoagaz edo gurago daben partiduak etxearen epeltasunean ikustea. Kontua da, jesarleku asko hutsik egon dirala Athleticek San Mamesen jokatu dituen azken partiduetan. Ganera, Katedralak All-England Tennis Club emoten dau askotan, Wimbledon torneo ospetsuko partidu baten baino ixiltasun handiagoa dagoalako. Ez dakit zer eta zelan, baina zeozer egin behar da San Mames berotzeko. Taldeak eskertuko leuke.
Hurrengo partidu biak, Realaren aurka Anoetan eta Real Madriden aurka San Mamesen, erabakigarriak izango dira. Irabazteko moduko partiduak dira biak baina horretarako Athleticen bersino onena ikusi behar dogu. Oindino ez dakigu Aritz Aduriz prest egongo dan Anoetako derbirako eta emoten dau Valverdek be ez dauela argibide askorik emon gura. Esan beharrik ez dago, donostiarraren itzulera albiste bikaina izango litzatekeela.