ATHLETICEK sarritan erakutsi dau denboraldi honetan indar handia daukala partiduak iraultzeko. Gaur egun bizi dauen egoereari bueltea emotea da orain zuri-gorrien erronka nagusia. Europa Leaguetik kanpo geratu izana kolpe gogorra izan da jokalarientzat zein zaleriarentzat eta domekan inoiz baino hotzago ikusi genduan San Mames. Taldeak, baina, garaipena eskuratu eban Granadaren aurka eta bizirik dago Europarako sailkatzeko lehian. Atzera begiratzeak samina baino ez dau ekarten. Beraz, aurrera begiratu behar da eta ahalik eta ondoen amaitu denboraldia.
“Ez neban pentsauko inoiz San Mames holan ikusiko nebanik” idatzi eban Mikel San Josek Twiterren Granadaren aurkako partiduaren ostean. Inork ez daki zehatz zer esan gura eban Atarrabiakoak baina garbi dago jokalariek be igarri egin dabela zaleria hasarre dagoala taldeagaz. Egia esateko, Europa Leaguetik kanpo geratu izana mingarria izan da oso, baina ez neuke esango ezustekoa izan danik, aurretik Athleticek etxetik kanpo jokatutako partiduetan erakutsitako maila makala ikusita.
Ernesto Valverderen taldea ez dabil ondo denboraldi honetan. Etxetik kanpo hiru-lau partidutan kenduta ez dogu aurreko denboraldietako talde indar-tsua eta alaia ikusi. Holako egoeretan beti gertatzen dan lez, errudunak bilatzeari ekiten deutsagu. Batzuren ustetan, jokalarien errendimendua nabarmen jaitsi da. Beste ba- tzuk dinoe, entrenatzailea dala errudun nagusia. Seguruenik guztiek daukie arrazoi apur bat zuri-gorrien denboraldi makalaren ganeko azterketea egiteko orduan. Nire uste apalean, aulkian baino bedartzan dago arazoa. Aurreko denboraldietan errendimendu bikaina emon daben jokalari askok behera egin dabe. Atzealdetik hasita, De Marcos eta Laporte ez dabilz aurreko urteetan lez eta taldeak igarri egiten dau. Gauza bera esan daiteke San Jose eta Beñaten ganean. Aurrealdean be, Aduriz eta Raul Garcia ez dira igazkoak. Williamsek arazo itzelak ditu ate aurrean eta Lekue eta Susaetaren ekarpena be ez da nahi bestekoa. Egia da, baita, entrenatzailearen erantzunkizuna dala giza taldeari errendimendu handiena ataratea, bai, baina aurten behiak aurreko urteetan baino esne gitxiago emoten dau. Daukaguna daukagu eta horregaz tiretu behar dogu burditik. Lezaman hasitako hamabi jokalari erabili ebazan Valverdek Granadaren aurka.
Hau guztia esan ostean, ez dogu ahaztu behar, Athleticek puntu bakar batera daukala sailkapeneko seigarren postua ligea amaitzeko hamalau jardunaldi geratzen diranean. Esan beharrik ez dago Valverderen gizonek erreakzionatu egin behar dabela etxetik kanpoko partiduetan. Ukabilkada bat emon behar dabe mahai ganean eta jasotako kritika zorrotz guztiei erantzun. Egia esateko, kritika batzuk zorrotzak edo gogorrak baino gehiago izan dira, odola isuri gurean edo.
Ez dakit Ernesto Valverdek Athleticen segiduko dauen hurrengo denboraldian. Garbi daukat inon ez dogula bera baino entrenatzaile hoberik aurkituko gure taldearentzat eta Txingurriren etapea amaierara heldu dala entzuten dotenean barregurea etorten jat. Baina, jakina, lau denboraldiren ostean bat baino gehiago aspertzen hasita dago eta aurpegi barria ikusi gura dau aulkian aldaketeagaz gabarra atarako dogula pentsauta edo. Urruneko intxaurrak hamalau...