Ernesto Valverdek ez dau gogo handirik eukiko Mestallan jokatuko partidua gogoratzeko, Athleticen historian sartu bada be Javier Clementeren marka onduta. Zuri-gorriek ezinean jarrai-tzen dabe etxetik kanpo eta ez da erreza azaltzea San Mamestik kanpo erakusten daben ezintasunaren zergatia. Kontua da, denboraldia aurrera doala eta Ernesto Valverderen taldeak galdu baino ez dauela egiten etxetik kanpo eta, jakina, holan ez dago Europarako txartela eskuratzerik. Nicosian jokatuko dabe zuri-gorriek etzi eta itxuraldaketa sakona agertu beharko dabe Europa Leaguen aurrera egiteko aukeraren bat euki gura badabe behintzat.

Historiak dinosku Mestalla ez dala inoiz zelai erosoa izan Athleticentzat, besteak beste, etxeko taldea aurkari indartsua izan dalako gehienetan. Aurten, baina, Valentzia jaisteko postuetatik urten ezinik dabil, krisian murgilduta. Athleticek ez eban aukera baliatu eta beste partidu negargarri bat egin eban etxetik kanpo. Vorok ez eban pentsauko zuri-gorrien aurkako norgehiagoka hain erosoa izango zanik, are gitxiago hiru egun lehenago Athleticen joko erauntsia ikusi ostean. Valverdek Europa Leagueko kanporaketea eukan buruan Mestallako hasierako hamaikakoa erabagi ebanean. Aduriz, Williams, Beñat eta Yeray aulkian itxi izanak garbi erakusten eban Txingurrik Europa Leagueko final zortzirenetan egon gure dauela.

Aurrealdeko erreferente barik ekin eutsan Athleticek Mestallako norgehiagokari baina berea izan zan partiduko lehen aukerea. Iñigo Lekue bakar-bakarrik geratu zan Alvesen aurrean baina ez eban asmatu baloia saretaratzeko orduan. Hortxe amaitu zan partidua. Huts horren ostean, albiste txarrak baino ez ebazan jaso talde zuri-gorriak. Kolpeak bata bestearen atzetik heldu ziran Athleticen aurpegira K.O itxi arte. Lekueren huts egitetik -holako aukerak sartu egin behar dira- minutu bat igaro baino lehen Nanik 1-0ekoa markagailuratu eban Ander Iturrasperen hutsa eta atzelari zuri-gorrien biguntasunaz baliatuta. Valentziako jokalarien intentsitatea aurkariena baino askoz handiagoa zan eta gauza handirik egin barik etxeko taldearen bigarren gola heldu zan. Ordurako, Valverdek beste albiste txar bat jaso eban Laporte lesionatu egin zan-eta.

Partidua aldats gora egon arren, bigarren zati osoa egoan jokatzeko eta Valverdek taldeko erasoko jokalari onenak zelairatu zituan Iturraspe eta Lekue kenduta. Itxaropenerako tartea, baina, oso laburra izan zan Aduriz lesionatu egin zalako zelairatu eta gitxira. Ganera, Athletic hamar gizonegaz geratu zan hiru aldaketak eginda egozalako. Albiste txarrak bata bestearen atzetik. Ez dakit zorte kontua dan baina hamarregaz egon arren Valverderen taldeak partiduan sartzeko aukerea euki eban baina Williamsek ez eban asmatu Alvesen aurrean. Ezin da hainbeste parkatu aurkariaren ate aurrean.

Esku hutsik eta Aduriz galduta itzuli dira zuri-gorriak Valentziatik, Europa Leagueko partidu erabakigarri baten atarian. Taldeko goleatzailea barik jokatuko dabe lehoiek Nicosiako infernuan. Ganera, ikusteko dago Balenziaga eta Laporte jokatzeko moduan dagozan. Esan beharrik ez dago, Mestallan erakutsitako intentsitate maila makalagaz jokatu ezkero, Athleticek ez dauela aukerarik izango Apoel Nicosiaren aurkako kanporaketea gainditzeko.