Ekinaren puruz eskuratu dauz Athleticek azken garaipenak San Mamesen. Ernesto Valverderen gizonak ohitura txarrak hartzen dabilz, izan be, azken txanpara arte itxaroten dabe markagailua irauli eta lehiaren lehen zatian okertutakoa zuzentzeko. Goraipatzekoa da, bai, zuri-gorriek San Mamesen azken minutura arte erakusten daben gogoa eta grina. Baina garbi dago, taldeak ezin dauela jarraitu holan San Mamesen, partiduetako zatirik handienean erakutsitako jokoa makala da-eta. Deportivoren aurka gertatutakoa ez da kontu barria, Sporting edo Celtaren aurka be antzeko zeozer jazo zan-eta. Egia esateko, autokritika egitea faltan bota eban partidu osteko adierazpenetan. Baikor izateko, eta sailkapenera begiratuta, ezin ukatu taldea ondo kokatuta dagoala.

Nou Campen partidu bikaina egin ostean ekin eutsan Athleticek a Coruñako Deportivoren aurkako partiduari. Ernesto Valverdek bere gustoko hamaikakoa zelairatu eban Gaizka Garitanoren taldearen aurka. Aitortu behar dot harrituta geratu nintzala Ander Iturraspe hasierako hamaikakotik kanpo ikusi nebanean. Garbi dago entrenatzaileak bere ustez talderik onena dana zelairatzen dauela, bai, baina 2017urtean jokatutako partiduetan garbi geratu da Ander Iturraspe dala sasoi onenean dagoan erdilaria, Mikel San Jose eta Beñat Etxebarriaren aurretik. Valverdek, baina, gauzak beste era batera ikusten dauz.

Partidua hasi aurretik garbi neukan ez zala bape erreza izango hiru puntuak eskuratzea Gaizka Garitanoren Deportivoren aurka, entrenatzaile bizkaitarraren taldeak aurkari sendoak eta ondo egituratutakoak izaten diralako. Zuri-gorriak ahalegindu ziran, bai, aurkariaren atea zulatzen baina hurreratu be ez ziran egin. Esanguratsua da, Athleticek ez ebala korner bat bera be atara lehenengo zati osoan. Deportivok, ostera, aukera bi sortu zituan eta bigarrengoan aurretik jarri zan markagailuan.

Valverdek ez eban konfiantzea galdu hasieratik zelairatutako jokalarietan eta ez eban aldaketarik egin atsedenaldian. Partiduak bardin segidu eban. Deportivo eroso 0-1ekoari eusten eta Athletic ezinean. Amildegirako bidean joiala ikusita, Susaeta eta Iturraspe zelairatu ebazan, Raul Garcia eta Beñat kenduta. Ganera, aldaketa honeek berbiztu egin eben Iker Muniain eta nafarraren jokoa erabakigarria izan zan markagailua iraultzeko. Nire lagun batek dino Raul Garcia Athleticera heldu zanetik taldearen jokoa makaldu egin dala. Eztabaidarako eritxia da. Raul Garciak asko emoten deutso taldeari, bai, baina Athleticek bera barik be jokatu leike beste bide batzuk jorratuta. Raul Garciaren estiloak asko baldintzatzen dau taldearen jokoa eta bera barik beste era batera joka-tzen dau. Ez dot esango taldeak hobeto joka-tzen dauela bera barik, baina bera barik be jokatu leike eta ondo ganera.

Partidu garrantzitsuak jatorkoz Athletici. Apoel Nicosia ez da aurkari samurra izango, are gehiago bueltako partiduan. Beraz, Valverderen gizonek euren mailarik onena emon behar dabe eguenean emaitza on bat lortzeko kanporaketako joaneko partiduan. Ekina garrantzitsua izango da, baina joko onagaz eta eraginkorragaz lagunduta.