Bartzelona eta Athleticen arteko partiduko emaitzak ez dau erakusten zelaian jazotakoa, ez, baina gehienetan lez, zuri-gorriek galdu egin eben Nou Campen. Ondo jokatu eta galdu. Betiko kontua. Ernesto Valverderen taldeak bikain jokatu eban lehenengo zatian eta aurkaria baino gehiago izan bazan be, 2-0 galtzen joan zan atsedenaldira. Zuri-gorriek garesti ordaindu ebezan area bietan egindako hutsak eta holan ez dago ezer lortzerik. Kontraesana emoten badau be, Bartzelonaren zelaian lez jokatu ezkero, Athleticek bere helburuak bete eta sailkapeneko goialdean amaituko dau denboraldia. Hori bai, Europako postuetan sartzeko hautagaien zerrenda luzatu egin da eta Valverderen gizonek euren mailarik onena emon beharko dabe sailkapeneko lehen sei postuetan sartzeko.
Ernesto Valverdek ondo baino hobeto daki ze gatxa dan Bartzelonaren zelaian irabaztea. Horregaitik esan eban Athleticek partidu perfektua, huts bakoa, egin behar ebala Nou Campen irabazi ahal izateko. Ba zuri-gorriek huts gehiegi egin ebezan zapatuan Bartzelonan. Hasteko, aukera bikain bi galdu ebezan aurkariaren atea zulatzeko. Raul Garciak zutoinera bialdu eban baloia baina Williamseko aukera itzela alferrik galdu eban Ter Stegenen ate aurrean. Beste alde batetik, Bartzelonan errezegi lortu eban bere lehenengo gola. Neymar olgetan ibili zan De Marcosegaz partidu osoan -arabarra ezinean ibili zan brasildarra geratzeko- eta bere lehen erdiraketea bakarrik errematau eban Alcacerrek Laportek bakarrik itxi ebalako. Markagailuan atzetik joan arren, Athletic denboraldiko etxetik kanpoko partidurik onena egiten ebilen eta bardin jarraitu eban lehen golaren ostean be.
Bartzelonak ez dau laguntzarik behar partiduak irabazteko, are gitxiago bere zelaian, baina Gorka Iraizozek laguntza itzela emon eutsan, lehen zatia amaitzear egoala Messiren falta jaurtiketa bateko baloia iruntzita. Ez dakit argentinarrak urduritu egiten dauen Athleticeko atezaina baina ez da normala Messik hiru gol sartu izana faltaz hiru partidutan. Iraizoz ez zan fin ibili kopako partiduetako falta bietan. Ligakoan baina, huts ikaragarria egin eban eta gol horrek min handia egin eutsan taldeari. Normala. Edozelan be, ez litzateke bidezkoa izango porrotaren erru guztia atezainaren lepo ganean ipintea. Iraizozen hutsa iritsi zanerako Athletic galtzen joian eta gol aukera garbi bi galduta aurkariaren ate aurrean.
Bartzelonaren aurkako partiduak gauza positiboak be itxi ebazan. Golak kenduta, Athleticek maila bikaina emon eban lehen zatian. Yeray hamaikakora itzuli zan eta maila ona emon eban barriro be. Ander Iturraspek hasieratik jokatu eban Nou Campen eta barriro erakutsi eban lekua merezi dauela hamaikakoan. Abadiñokoa sasoian dago eta aberastu egiten dau taldearen jokoa. Aurrera zein atzera begira. Esanguratsua izan zan Valverdek hartutako erabakia Beñat zelairatu ebanean. Iturraspek txartel hori bat euki arren, San Jose kendu eban arratiarra zelairatzeko. Kontuak kontu, emaitza alde batera itzi eta Bartzelonakoa da jarraitu beharreko bidea. Hori bai, aurkariari oparirik egin barik eta ate aurrean zorroztasuna erakutsita.