irabazi beharrekoa zan Sportingen aurkako partidua eta Athleticek ez dau huts egin. Zuri-gorriek hasiera ona emon deutse bigarren itzuliari uste baino gehiago sufridu arren aurkaria menderatzeko. Sailkapenari begiratuta, Valverderen taldeak lau puntura dauka Txapeldunen Ligarako sailkatzea eta puntu bira bakarrik Europa League. Horregaz batera, baina, atzetik datozen taldeak, -Celta, Espanyol eta Eibar- indartsu dabilz eta zuri-gorriak ezin dira lo geratu. Kontuak kontu, Athleticek zabalik ditu ate guztiak bigarren itzuli ia osoa jokatzeko dagoanean. Jokalariek zein entrenatzaileak garbi daukie urrats bat emon behar dala etxetik kanpoko partiduetan. Horixe da hurrengo erronkea.

Hamazortzi partidu geratzen dira jokatzeko Liga txapelketan eta horreetariko zortzi bakarrik jokatuko dauz Athleticek San Mamesen. Hau da, puntu gehiago egongo dira jokoan etxetik kanpo Katedralean baino. Halanda be, Ernesto Valverdek garbi esan dau etxeko partiduetan sendo agertzea erabakigarria dala sailkapeneko goialdean egon gura dauen talde batentzat. Horregaz batera, sailkapeneko beheko aldean dagozan taldeen aurka puntu gehiago lortu behar dirala nabarmendu dau entrenatzaileak. Kontuak kontu, Sportingen aurkakoa irabazi beharreko partidua zan zuri-gorrientzat.

Atletico de Madriden aurkako hamaikakoari eutsi eutsan entrenatzaileak, koltxoneroen aurka jokatu barik geratu ziran Beñat eta Aduriz zelairatuta, Iturraspe eta Williamsen ordez. Horregaz batera, Iker Muniain barrutik zelairatu eban barriro Raul Garcia hegalera eroanda. Valverderen apostuak, baina, ez eban ondo urten. Etxeko taldeak ez eban ia arriskurik sortu aurkariaren ate aurrean eta ganera Sportingek markagailuan aurreratzea lortu eban. Rubik, asturiarren entrenatzaileak, partidu amaieran aitortu eban lez, euren plana ezin hobeto joian. Athleticek ez eban minik egiten hegaletatik eta Sportingek ez eukan ezelako arazorik atea hutsean mantentzeko.

Valverdek sasoiz arteztu eban lehen zatian okertutakoa. Williams zelairatu eban Lekueren ordez eta aurrelariaren zelaira-tzeak goitik behera aldatu eban taldearen jokoa. Ezker hegaletik egindako jokaldi batek sortu eban bardinketaren gola. Lehen zati osoan ia agertu be egin ez zan Muniain ondo jokatzen hasi zan. Txantreakoak sartu eban lehen gola eta berari egin eutsien penaltia bigarren golaren jokaldian. Athletic goitik behera nagusitu jakon aurkariari bigarren zatian eta aukera garbiak euki ebazan gol gehiago sartzeko. Sportingen aurkako partiduak argi eta garbi erakutsi dau sailkapeneko behealdeko taldeen aurkako lehiak ez dirala bape errezak izango.

Nou Campen jokatuko dau Athleticek hurrengo partidua Ligan. Partidu gatxa, zalantza barik. Era berean, aukera ezin hobea da urrats handi bat emoteko. Hasteko, zuri-gorriek ez daukie partidurik aste barruan eta Bartzelonak Atletico Madriden aurka jokatuko dau bihar. Blaugranak ohituta dagoz, bai, baina zapatuan igarri egin behar dabe nekea Athleticek erritmo itogarria ipiniko dauelako. Muniainek esan eban lez, zenbat eta erronka gatxagoa orduan eta erantzun hobea emoten dabe zuri-gorriek. Baikor nago Nou Campeko partidurako. Zuri-gorriek badakie zein dan garaipenerako bidea, aurten bertan lortu dabe-eta.